Mikel Irujok Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari kargua hartu zuen iragan astean, Manu Aierdik dimisioa eman ostean. Kargua hartzean, kontseilari berriak Europa eta ekonomiaren susperraldia ezarri zituen erronka nagusi gisa, eta horiek nabarmendu ditu Euskalerria Irratiari eskainitako elkarrizketan ere.
Ekonomiaren egoera eta aurreikuspenak negatiboak diren arren –besteak beste, enpresa ugari kaleratzeak iragartzen ari direlako–, Irujok gogorarazi du krisia globala dela, eta itxaropenera dei egin du: “Nafarroan itxaropentsu izateko aukera dugu: inoiz onartutako plan finantzariorik handiena adostu da, Next Generation, eta gainera, ekonomia transformatzeko mezuarekin: trantsizio digital eta ekologikoarekin”. Next Generation funtsen bulegoari buruz galdetuta, azaldu du Europak zehaztutako irizpideei jarraituz sortu dutela.
Karguaz jabetzeko ekitaldian nabarmendu zuen, halaber, elkarrizketa izango dela haren jardueraren ardatzetako bat. Horri lotuta, sindikatuekin foroetan biltzeko orduan adostasunik ez dagoela ikusirik, Irujok guztiekin “elkarrizketa bultzatzeko” konpromisoa hartu du.
Bestetik, aste honetan bertan Miasa enpresak 95 langileen enplegu erregulazio espedientea iragarri du. Irujok esan du momentuz ez dutela komunikazio ofizialik jaso, ez direla zuzendaritzarekin batzartu, eta ikusteko dagoela enplegu erregulazio espedienteak aurrera ateratzeko dokumentazioak aurkezten ote dituen. Enpresarekin elkarrizketa izatea “urgentea” dela onartu du: “Gaur-bihar izan beharko da”.
Automobilgintzaren sektorea ere izan du hizpide, eta trantsizioaren beharra aipatu du: “Trantsizio ekologikoaz ari garenean automobilgintzaz ere ari gara. Ezin dugu jarraitu gaur egun egiten diren kotxeekin”. Volkswagenen kasuan, “ekosistema on bat” behar duela nabarmendu du: “Konexio ona, ikerkuntza zentroekin lotura, digitalizazioan sartutako auxiliar dinamikoa eta malgua… hori da multinazional handi batek eta edonork eskatuko duena, lehiakorra izateko”.
Lehen uneak, "biziak"
Airdik dimisioa eman zuenetik, berarentzat aste “biziak” izan direla aitortu du kontseilari berriak: “Politikaren alderik ilunena ikusi dugu”. Hortaz, adierazi du ez dela izan kargu berri batean sartzeko momenturik onena, are gehiago krisi baten erdian.