Iparrorratza, gogoeta politikarako Txalapartaren sail berria

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 22a, 18:30

Txalaparta argitaletxeak Iparrorratza sailaren lehen bi aleak plazaratu berri ditu: Andoni Olariagaren “Euskal matxinada” eta Floren Aoizen “Mamuari so”. Iratzar Fundazioko bi kideek azaldu dizkigute lan hauen ideia nagusiak.

"Euskal matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak"

Andoni Olariaga Azkarate 

Itziar Aizpuruak "euskal udaberria" deitu zion 68ko belaunaldiak bizitako garaiari. Euskal matxinadaren sorrerako belaunaldiarentzat eztabaida guztiak egiteko zeuden: herria eta hizkuntza, emantzipazio nazionala ala klase borroka, euskalduntasun berria, iraultza ala erreforma… Dena egiteko, eztabaidatzeko eta eraikitzeko. Mundua eta gizartea pixkana aldatzen joan ziren hurrengo urteetan, eta, bidean, intuizioak moldatu beharra egon da. Saiakera zoli honek gure herrian gertatu diren egiturazko aldaketa politiko, filosofiko eta kulturalak interpretatzen ditu, baita azken hamarkadan sortu diren erronkak, mugimendu eraldatzaileak eta subjektibazio modu berriak ere. Eta, hasi eta buka, irakurleak galderak jasoko ditu; tartean, hau: Asmatuko ote dugu, historiako une ezegonkor honetan, XXI. mendeko euskal matxinada berria abiarazten?

Iparrorratza sailari hasiera ematen dio koaderno honek.

"Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza"

Floren Aoiz Monreal 

Iratzar fundazioko bi kideren arteko elkarrizketaren ondorio da liburu hau: Idoia Zengotitabengoak Floren Aoizi galdera sorta luzea egiten dio, gure garaia ulertu eta ditugun erronkak aletu nahian. Mamuaren irudia darabilte kapitalismo neoliberala eta horrek artikulatzen dituen zapalkuntzak izendatzeko. Horrela, neoliberalismoaren ezaugarritzea eta ibilbidea aztertzen dute, kapitalismoarekin dituen loturak eta gizartean zer modutan eragiten duen agerian uzteko. Ideia bat nagusitzen da gogoetan, besteen gainetik: neoliberalismoa herritarren burujabetza neutralizatzeko estrategia den heinean, herriaren eta herritarren burujabetza da neoliberalismotik harago egiteko gakoa. Neoliberalismo desdemokratizatzaileari, beraz, bazter guztietara zabaldu beharreko errotiko demokratizazioaz erantzun beharko zaio.Iparrorratza sailaren bigarren alea da liburu hau.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!