Abian da bigarren Euskaraldia. Atzo egin zuten irekiera ekitaldia, Antsoainen. Euskalerria Irratiko bi kazetarik, Lohizune Amatriak eta Juan Kruz Lakastak aurkeztu zuten ekitaldia, eta Julio Soto bertsolariak, Jon Basaguren musikariak, eta Skabidean eta Broken Brothers Brass Band taldeek parte hartu zuten.
Euskaraldian izena eman dutenek beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira datozen 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek: ahobizi eta belarriprest.
Euskaraldian izena emateko aukera atzo artekoa zen hasiera batean, baina epea datorren asteartera atzeratzea erabaki dute, azken egunetan lagun askok eman baitute izena. Euskaltzaleen topaguneak emandako datuen arabera, 147.000 lagunek eman dute izena Euskal Heri osoan, horietatik %12 Nafarroan, beraz, 17.000tik gora. Gainerako lurraldeei dagokienez, izen emate gehienak Gipuzkoan izan dira, %44; Bizkaian %12, Araban %9, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, %2. Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena, gainera. Aurtengo berritasun nagusia ariguneak izango dira, euskaraz “lasai” hitz egin egiteko guneak. 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte.
Datu positiboak dira, antolatzaileen arabera, egoera konplexuan heldu delako bigarren Euskaraldia. Izan ere, harremanak mugaturik daude, eta hain zuzen, harremanak dira Euskaraldiaren oinarria. Baina egoerara egokituta, hurbileko harreman sareetan eta eremu digitalean hizkuntza ohiturak aldatzeko aukerak bada, eta horietan egingo du azpimarra Euskaraldiak. Rola aukeratzeko orduan aldaketa gutxi izan da aurreko aldairekin alderatuta: Ahobizi gisa jarduteko hautua egin dute hamarretik zortzik; gainerako biak arituko dira Belarriprest rolean.