Antsoainen irekiko dute ariketa sozial erraldoia, azaroaren 19an, arratsaldeko 19:00etan. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da bigarren Euskaraldia, eta dena prest dute antolatzaileek. Irekiera ekitaldia doakoa izanen da, eta sarrerak Antsoaingo udalaren webgunean eskuratu daitezke.
Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:
- Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
- Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Euskaraldia ariketa egiten den artean ehunka dira aurten Nafarroan ariguneak sortu dituzten era guztietako entitateak. Euskaraz lasai aritzeko guneak izanen dira ariguneak.
Euskaraldiaren webgunean eman daiteke izena, baita hainbat herritan jarriko dituzten informazio-guneetan eta mugikorretarako sorturiko aplikazioetan ere.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Euskaraldia, euskararen lurraldeko erakundeekin elkarlanean. Nafarroak Gobernuak, Euskarabidea - Nafarroako Euskararen Institutuaren bitartez, entitate horrekiko lankidetza-hitzarmena du 2018tik, Nafarroan Euskaraldia antolatuz gizartean euskara erabiltzea sustatzeko.