Gobernuak 12.000 euro bideratuko ditu Nafarroako euskarari buruzko ikerketetarako

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 8a, 09:56

Aurten kategoria berri bat izango da lehiaketan: soziolinguistika modalitatea.

 

Nafarroako Gobernuak, hirugarrengo urtez jarraian, Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoetarako lehiaketaren deialdia zabaldu du; guztira, 12.000 euro bideratuko ditu horretarako. Deialdi honen xedea dira Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoak, lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistika arlokoak, ikerketa lan horien hedapena sustatzeko.

Hizkuntza ikerketako sariak bi modalitatetan banatuko dira: dialektologia, hiztegigintza eta toponimia -Nafarroako euskara helburu duten lanak-; eta soziolinguistika -foru erkidegoko soziolinguistikari buruzko proiektuak-. Modalitate bakoitzean puntuazio altuena lortzen duten lanak irabazleak izango dira eta bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

Lehiaketan bakarka edo lantaldeetan parte hartu ahal izango da, koordinatzaile batek ordezkatuta, eta lanak argitaratu gabeak izan beharko dira, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatzita egon ahal izango dira.

Hautagaitzak 2020ko urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

Euskarabidea arduratuko da aurkezten diren lanak kudeatzeaz eta baloratzeaz, bere eginkizunen artean euskararen terminologia, dialektologia, lexikografia, toponimia eta egoera soziolinguistikoaren alorretan jardutea baitago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!