Laurehun kasu berrien langa gainditu du Nafarroak

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 23a, 13:29
  • Inoizko daturik altuena erregistratu zuen atzo Nafarroak: 425 kasu positibo berri.
  • Santos Indurain: "Bihurgunea gelditu behar da, negura datu hobeagoekin iristeko, eta egoerak osasun-sistema arriskuan jar ez dezan".

Kezkatuta agertu da kazetarien aurrera Santos Indurain osasun kontseilaria; izan ere, datuak oso negatiboak dira: 425 postibo atzeman dituzte; eta heriotza bat ere izan da. 3.441 PCR proba egin dituzte, inoizko kopururik altuena; eta 221 pertsona daude ospitaleratuta, 164 plantan, 33 etxean eta 25 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. 

Datuak "kezkagarriak" dira, baina oraindik ez dute osasun-sistena arriskuan jartzen. Beraz, kontseilariaren mezua, argia izan da: "Bihurgunea gelditu behar da, negura datu hobeagoekin iristeko, eta egoerak osasun-sistema arriskuan jar ez dezan".

Intzidentzia funtsezko adierazlea da, eta Nafarroa da 7 eta 14 egunetan intzidentzia metatu handiena duen bigarren autonomia-erkidegoa; baina 1.000 biztanleko PCR proba gehien egiten dituen erkidegoa ere bada. Era berean, positibotasun maila ez da bereziki handia, eta erkidegoa zerrendan erdialdean dago. Hilkortasun-indizea ere txikia da, eta ospitaleko okupazioei dagokienez zortzigarren postuan kokatzen da Nafarroa. Horiek horrela, Induerainen esanetan, gizarte osoaren esku dago oreka ez haustea, oso ahula baita.

Positiboen gorakadarekin, ospitaletan ere ugaritu egin dira covid-19 kasuak, eta horrek eragina izan du ZIUn ere; hala ere, eskariari erantzuteko eta egoera bideratzeko lanean ari direla nabarmendu du Indurainek.

Halaber, probak egiteko sistema tenkatu egin da egunotan, baheketa batzuen eta ikasturtearen hasieraren ondorioz, eta, orain arte azkarra izandako erantzun gaitasuna moteldu egin da. Baina hori ere bideratzen ari direla esan du Indurainek. Horrekin lotuta, jakinarazi du departamentua aurrera egiten ari dela antigenoen test berriak egiten hasi ahal izateko. 

Horrela, bada, mezu oso argi batekin amaitu du Indurainek: "Birusari aurre egitea guztion ardura da, eta guztion ahaleginarekin soilik lortuko da".

 
 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!