Hemen ditugu berriro tximeleta asiar ezpel jaleak. Duela bost urte iritsi ziren Nafarroara baina orain dela urte bete ezagutu genituen Iruñerrian orduan gertatu zen populazio ugalketa itzelarengatik.
Hona Asiatik iristi ziren eta bertan aurkitu zuten haien elikagaia, ezpela, ugari eta gozoa. Beldarrak dira ezpelaren hostoak jaten dituztenak landareak idortua utzi arte. Beldarretatik ateratzen diren tximeletak, aldiz, gozozaleak dira eta huntza eta maxusten azukrea nahiago dituzte.
Xabier Santesteban mendi ingeniaria da eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa atalean egiten du lan. Berarekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan eta esan digu Gobernuan eten gabe kontrolatzen dutela beldar eta tximeleten nondik norako guztiak. Ikusi dute Iruñerrian zeuden ezpel gehienak suntsitu dituztela, lehen Bidasoa aldean egin zuten bezala, eta ekialderantz ari direla mugitzen, baina zorionez espero zutena baino motelago. Esteribarren jada Irtagiraino heldu dira, baina ez ordea Pirinio aldera.
Ezpela landare indartsua da eta ostoak galduta ere biziberritzeko ahalmen handia du, baina tximeleta hauek azkarragoak dira eta ez diote horretarako aukerarik ematen. Hori da arazoa. Hala ere Xabi Santesteban baikor agertu da.
Bitartean teknikariak hiru bide jorratzen ari dira ezpelen defentsan. Lehena tximeletei etsai bat bilatzea. Asian badute areriorik, baina hemen ez, hori dela eta parasitoide bat erabiltzearen aukera ari dira aztertzen. Bigarren bidea da ikustea zergatik ezpekl landare batzuk jaten ditzuten eta besteak ez eta hirugarrena ezpel haziak biltzea. Horrela eskualde batzuetan erabat desagertuz gero, aukera legoke berriz jartzeko bere habitat naturalean.