Isolatutako adingabeak zaintzeko baimenak eskatu dituzte hainbat sindikatuk

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 22a, 13:21
LAB, ELA, CCOO, UGT eta Afapna sindikatuko kideak, gaurko elkarretaratzean.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta Afapna sindikatuek elkarretaratzea egin dute Nafarroako jauregiaren aurrean, gobernuari exijitzeko covid-19arengatik isolatuta dauden haurrak zaintzeko nahitaezko betebeharragatiko baimenak ezar ditzala.

Ikasturtea hasi zenetik, gero eta adin txikiko ikasle gehiago daude konfinaturik, haien guraso edo tutoreen arreta behar dutenak, baina egungo araudiak ez du hori posible egiten duen neurririk ezartzen, eta adingabe horien arduradunek ez dute lanera ez joateko baimenik. 

Egoera horren aurrean, LAB, ELA, UGT, CCOO eta Afapna sindikatuek Nafarroko Gobernuari eskatu diote 14 urte baino gutxiagoko haurrak ardurapean duen pertsonentzako baimena ezar dezala. 

Azpimarratu dute ez dela nahikoa oporrak edo lizentziak ematea, eta ezinbestekoa dela pertsona horiek nahitaezko betebeharragatiko baimena izatea.

Azaldu dutenez, gaia mahai sektorialera eraman izan dute aurretik, eta orain arte ez dute erantzunik jaso. Baina ostegunean mahai berri bat izango dute, eta han egingo dute eskaera berriro ere. Egindako elkarretaratzearekin gobernua presionatu nahi izan dute, beraz, eskaerari erantzun diezaion. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!