Nafarroako azoka ekologikoa egin dute asteburuan Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 21a, 07:41
Argazkia: Nafarroako azoka ekologikoa.

Hiru egunez, produktu ekologikoen ekoizle eta kontsumitzaileen topagune izan da autobus geltoki zaharra. Antolatzaileak pozik azaldu dira azokak bosgarren aldian izan duen harrerarengatik: “Ekitaldia gero eta errotuago dago”.

Nafarroako produktu ekologikoen azokarik handiena apirilean egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, eta, azkenean, sektoreak bere ekoizpenak eta lana ezagutzera emateko erakusleihoa izan du asteburu honetan, Iruñeko Autobus Geltoki Zaharreko nasetan. 

Azoka hau funtsezkoa da sektore ekologikoa ezagutarazteko, tokiko ekoizleei bultzada emateko eta saltoki txikiekin eta herritarrekin loturak sendotzeko. “Halako proiektuak garrantzitsuak dira euren kalitatezko produktuekin herriak bizirik mantentzen laguntzen duten ekoizleak ezagutzera emateko. Krisialdian argi geratu den moduan, nekazaritzako elikagaien sektorea funtsezkoa da Nafarroarentzat”, azpimarratu zuen Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azokaren aurkezpenean.

30 postu eta jarduera baino gehiagorekin; tokiko ekoizpen ekologikoaren topagunea eta sustatzeko espazioa izan da azoka hiru egunez, antolatzaileen esanetan. Pozik azaldu dira herritarren erantzunarekin, eta eskerrak eman dizkiete gerturatu diren guztiei. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!