Miren Aranoak Nafarroako Parlamentuan duen eserlekua utzi du

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 26a, 08:00

Miren Aranoa, Bakartxo Ruizekin, Nafarroako Parlamentuan. (EH Bildu)

Eusko Alkartasunako Nafarroako koordinatzaileak "arrazoi pertsonalei" egotzi die erabakia.

Miren Aranoak Nafarroako Parlamentuan EH Bilduren ordezkari gisa duen eserlekuari uko egin dio. Abuztuaren 28an gauzatuko du erabakia. Jarduera instituzionalari uko egiteko arrazoiak "pertsonalak" baino ez direla adierazi du. "Ilusioz egiten diot aurre nire etapa berriari. Azkenean, nire bi bokazio nagusiak uztartuko ditut: irakaskuntza eta politika", idatzi du Twitterren. Aranoa irakaslea eta Nafarroako Gobernuko Karrerazko Funtzionarioa da, oposaketak gainditu ostean.

Egungo erantzukizunari eutsiko dio Eusko Alkartasunaren barruan, Nafarroako lurralde koordinatzaile gisa, EAk ohar batean jakinarazi duenez.

Aranoak berretsi egin du EH Bildurekin duen konpromisoa, "Nafarroan aldaketa sozialerako dagoen tresnarik onena eta eraginkorrena delako". EAko Nafarroako koordinatzaileak "ahalik eta ekarpen onena egiten” jarraituko du, “gizarte feministago, anitzago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko, justizia sozial handiagoarekin”. Helburu horretan, EH Bildu “izaera anitzeko koalizio gisa” indartzeko lan egingo du, “Nafarroako sentsibilitate ezkertiar, aurrerakoi eta abertzale guztiak batuko dituena".

Esker oneko mezu ugari jaso ditu sare sozialetan parlamentuan egindako lanarengatik, harekin aritutako hainbat taldetako politikarien aldetik. Bere kideen artean, Bakartxo Ruizek adierazi du "parlamentuan elkarrekin bizi izandakoa itzela" izan dela: "Lankide eta lagun. Muxu handia". Patri Peralesek ere eskertu dio egindakoa: "Mila esker zure lanarengatik eta zorte on zure ibilbide berrian" Gainontzeko taldeetakoei dagokienez, honakoa idatzi du Koldo Martinezek: "Plazer itzela izan da zurekin lan egitea, Miren! Besarkada erraldoi bat!". "Besarkada bat Miren! Plazerra izan da zurekin nire bizitzaren momentu batean elkar aritzea", Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek. "Besarkada bat Miren. Plazer bat izan da zurekin momentuak konpartitzea", PSNko Inma Juriok (gaztelaniaz).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!