"Gobernuak aldebakartasunez egin du ikasturte berrirako protokoloa"

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 25a, 10:30

Irakasle, ikasle eta gurasoek kezkaz begiratzen diote ikasturteari. Sindikatuak izan dira gaur Guardasola saioan duten informazioarekin egin dezaketen aurreikuspenaz solasean. Gobernuaren "logika" falta salatu dute Mikel Lizasok (LAB), Sonia Ontoriak (ELA) eta Raul Lopezek (Steilas): "Kalean ezin bagara hamar pertsona baino gehiago bildu, nola elkartuko ditugu hogei ikasle sei orduz ikasgela batean?". 

Ikasturte hasierak aste garrantzitsua bizi du. Atzo jaso zuten ikastetxeek Hezkuntza departamentuak egindako protokoloa, eta ikastetxeak nola egokitu ditzazketen aztertzen hasi dira; bihar ezagutaraziko du Nafarroako Gobernuak iragarritako lanpostu berriak zeintzuk izanen dire eta ostegunean Espainiako Hezkuntza eta Osasun ministroek autonomia erkidegoekin bilduko dira itzulera aztertzeko eta zalantzan da ikasturte hasiera noiz izanen den. Hezkuntza komunitateko kideen artean zalantzak, kezkak eta desadostasunak asko dira. Sindikatuen eskaera eta aurreikuspenak ezagutu ditugu gaur Guardasola saioan Mikel Lizaso (LAB), Sonia Ontoria (ELA) eta Raul Lopez (Steilas) solaskideekin. Irailaren 4tik 7ra hasiko da ikasturtea Nafarroako ikastetxeetan.

Aldaketa nagusiak: 

  • Nafarroak modu presentzialean hasiko du ikasturtea.
  • Ikastetxe guztiek beren ordutegia egokituko dute lanaldi jarraitua ezartzeko urritik aurrera. 
    • Haur eta lehen hezkuntzan: 9:00-14:30
    • Bigarren hezkuntzan, batxilergoan eta lanbide heziketan: 8:00-15:00. 
  • Eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera utziko dituzte.
  • Jangela zerbitzua mantenduko dute eta garraio zerbitzua izanen da jangelako zerbitzua amaituta.
  • Ratioak murriztuko dituzte haur hezkuntzan: 
    • Haur hezkuntzan 20, lehen hezkuntzan 25, bigarren hezkuntzan 30 eta batxilergoan 33 izanen dira. 
  • Hezkuntza Departamentuak 47 milioi euroko inbertsioa iragarri du.
    • Hezkuntzako 666 profesional kontratatuko dituzte.
    • 183 zaintzaile gehiago hartuko dituzte.
    • 9.000 cromebook, 500 tablet eta 1.000 streaming kamera ezarriko dituzte.
  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen da eskola garraioan eta ikastetxeetako sarreran eta jolastokian. Lehen hezkuntzako 5. mailatik aurrera, baita ikasgela barruan ere. Irakasleek uneoro eraman beharko dituzte.
    • Jolastokietan taldeak bananduta izanen dira.
  • PCR bidezko positibo bat agertuz gero lehen hezkuntzako 4. mailara arteko ikasgelaren batean, ikasle guztiak hamar egunez isolatuko dira eta PCR proba eginen zaie berrogeialdia hasi eta amaitzean. Lehen hezkuntzako 5. mailatik aurrera, musukoa soinean eramen dutenez, bakarrik positibo eman duen ikaslea isolatuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!