Ikastetxe publikoetan edo helduei euskara irakasteko ikastetxe pribatuetan emandako ikastaroren batean parte hartu duten irakasleek irailaren 1etik aurrera aurkezten ahalko dute eskaera telematikoki.
Diruz lagunduko dira ikastaro estentsibo nahiz intentsibo presentzialak, baita barnetegietan egiten direnak eta online ikastaroak ere, euskara ikasteko edo hobetzeko helburua dutenak. Kanpoan geldituko dira online egiten diren hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa duten prestakuntza ikastaroak.
Onuradunak
Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta matrikula egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute.
Laguntzak matrikularen kostuaren %50 hartuko du. Barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.
Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.