2017an sinatu zuten hitzarmen lehen aldiz, mugaz gaindiko lankidetza garatzeko hizkuntza politikarekin loturiko gaietan, hiru erakundeen artean harremanak garatzen jarraitzeko eta arlo horretan jardunbide egokiak trukatzeko. Eta oraingoan, laugarren aldiz sinatu dute.
Hiru sinatzaileek itunak azken urteetan emandako frituak nabarmendu dituzte. Ana Ollok hiru lurraldeen arteko normaltasuneko kooperazioa bultzatzeko apustu honen garrantzia nabarmendu du, 2017aren aurretik ezinezkoa izan baitzen. Ildo beretik, Bingen Zupiriak adierazi du itun hau mugarria dela Euskararen normalizaziorako, eta azpimarratu du euskarak, administrazioen babesa ere behar duela. Beñat Arrabitek, berriz, esan du hiru lurraldeen arteko lankidetza aurretik ere eman den arren, egungo krisi testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa izango dela.
Hitzarmenaren aurtengo jarduera plana bost lan arlo espezifikotan banatuko da: hezkuntza eta euskararen irakaskuntza helduentzat; euskararen erabilera; hizkuntza arloko hausnarketa; ikerketata; eta Europako esparruko lankidetza.
Hezkuntza euskaraz eta euskararen irakaskuntza helduentzat
Hezkuntza: aldeek adostu dute ikasleak hiru lurraldeen artean trukatzeko premiak aztertzea gurasoen elkarteekin elkarlanean, horiei erantzuteko proiektu pilotua definitzearren. Halaber, EAEko unibertsitateetara sartzeko modalitateak aztertuko dituzte ikasketak euskaraz egiten jarraitu nahi duten ikasleentzat. Gainera, diplomak edo titulu binazionalak sortzeko aukerak aztertuko dituzte Eurogunearekin edo Euroguneko unibertsitateekin lankidetzan.
Helduei euskara irakastea: batzorde tekniko batek aztertuko du Eusko Jaurlaritzak arlo horretan garatutako oinarrizko curriculuma Nafarrora egokitzeko modua, eta maila ezberdinak gainditzeko beharrezko baldintzak adostuko ditu. Horrez gain, hiru aldeek adostu dute sektore horretan lan egiten duten profesionalei hiru erakundeek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea eskaintzea edota hiru aldeen premien diagnostiko bat egitea. HABEko liburutegiko materialak hiru erakundetako teknikariei eskainiko zaizkie, eta kontsulta espezifikoak erantzungo dituzte.
Hizkuntza gaitasunak ziurtatzea: aldeek erkidego bakoitzeko ziurtagiriak ezagutzeko lan egingo dute, ziurtatze-sistema bateratzeko edo baliozkotzeko helburuarekin.
Euskararen erabilera sustatzea
Euskara eta aisia: hiru aldeek adostu dute haurrei eta gazteei zuzendutako kirol eta aisiako ekimenei buruzko berrikuntzak bateratzea eta trukatzea. Egoerak baimentzen duenean, mugaz gaindi euskarazko egonaldia antolatzeko aukera aztertuko da.
Ingurune digitala: adostu dute jarraitzea baliabideak bateratzen, edota euskara Interneten garatzea, bereziki Wikipedia Euskaraz proiektuaren bitartez. Horretarako, Wikilarien Elkartearekin garatutako planak eta proiektuak partekatuko dira, eta plataforma honetan euskarazko edukiak elkarrekin garatzeko proiektua bideragarria den ala ez aztertuko da.
Euskarari eta eremu sozio-ekonomikoa: eremu horretan euskara sustatzeko dauden praktiken diagnostikoa egingo da, eta enpresei laguntzeko dispositibo komunak definituko dira, lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan hartuta.
Euskararen aldeko hausnarketa eta horren sustapena
Euskararen aldeko hausnarketa eta horren sustapena: hiru aldeek Euskaraldia proiektuan parte hartzea ez ezik, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoak abian jarritako familia transmisioarekin loturiko bideoen proiektuaren garapena aztertzea ere adostu dute.
Hausnarketarako guneak: jada sortutako guneetan parte hartuko dute aldeek, eta Euskararen Aholkularitza Kontseiluko ordezkariek HAKOBAren batzordeetara joan ahal izango dute.
Ikerketak eta euskararen corpusa
Ikerketa soziolinguistikoa: aldeek adostu dute hiru aldeek modu kolaboratiboan sortutako adierazleen sistema elkarrekin garatzen jarraitzea nahiz horiek egokitzen lan egitea, lurralde bakoitzaren errealitateak gehiago kontuan hartuta. Era berean, 2020an, VII. Inkesta Soziolinguistikoa prestatzeko lanak bideratuko dira, eta inkesta 2021ean egingo da. Euskaraldiari dagokionez, batera lan egingo dute metodologian eta gauzatzean nahiz azterketaren emaitzak hedatzeko lanetan ere.
Hizkuntza corpusa: hiru lurraldeetako adituak sartuko dira Euskararen Aholku Batzordeko Terminologiaren Batzorde Berezian, Eusko Jaurlaritzako terminologiako adituekin lankidetza egituratuko da, eta Euskalterm terminologiaren datu-basean sartuko dira Ipar Euskal Herriko terminoak.
Europako lankidetza esparrua
Azkenik, Europako esparruko lankidetzari dagokionez, Europako finantzaketa-iturrien esparruan proiektuak aurkezten jarraitzea erabaki da eta POCTEFA etorkizuneko programa operatiboetan batera lanean jarraitzea, hizkuntza politika lehentasunezko inbertsio gisa integratzearren.