Koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondorioz sortutako ekonomia eta gizarte krisiaren testuinguruan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “Nafarroa suspertzeko plan soziala” eskatzeko bizikleta martxa bat egingo du bihar, ostiralarekin. Goizeko 11:00etan abiatuko da Iruñeko autobus geltoki berritik.
Izan ere, Eskubide Sozialen Kartan bildutako Nafarroako hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk dokumentu bat osatu dute, “gizartean pertsona guztiak eta haien eskubideekiko errespetua benetan erakundeen politiken helburu izan daitezen ezinbestekoak diren hainbat neurrirekin”. Sinatzaileen ustetan, hilabeteotan bizitakoa eta Nafarroako Gobernuak egiten duen irakurketa “oso desberdinak dira”.
Dokumentuarekin egin dituzten eskaerak dira, besteak beste, zerbitzu publiko unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak izatea, egoera prekarioenean dauden kolektiboei bermeak emateko; oinarrizko eskubideen babesa; zaintzen aitortza eta banaketa; indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak; kalitatezko lanpostuak; informaziorako eskubidea; ekonomia eraldatzaileko sareak eta pertsonak eta natura errespetatzen dituzten herri proiektuak eta proiektu komunitarioak; eta gure eskubide eta askatasun guztien bermea.
“Lanaren, pentsioen eta bizitza duinaren aldeko Greba orokor batetik gatoz, eta bide horretan jarraitzen dugu”, adierazi dute. “Aurkezten dugun dokumentua bizirik dagoen dokumentu bat da, eta aldatu egingo da premia berriak detektatzen ditugun edo erakundeek neurri berriak ezartzen dituzten heinean”. Hala, Nafarroako Gobernuari eskatu diote diogu edukiak kontuan hartzeko eta horietan oinarritutako neurri zehatzak aplikatzeko, bai eta benetako partaidetzarako espazioak sortzeko ere, horietan gizarte mugimenduen ahotsa kontuan hartzeko.