Maddi Ane Txoperena: “Ipar EHn eta Frantzian neskame ibilitako emakumeez ez da asko asko hitz egiten eta idazten”

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 25a, 18:34

Hendaian sortu eta egun Lesakan bizi den kazetari gazteak "Ene baitan bizi da" bere lehen eleberria aurkeztu du. EKE Euskal Kultur Erakundearen Gazteluma Saria beka irabazi zuen proiektu honekin. 

Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) Berriako kazetari eta bertsolariak bere lehen eleberria kaleratu berri du, Gazteluma sariari esker: Ene baitan bizi da, Parisen ikasten den neska gazte baten eta Beran bizi den bere amatxiren arteko harremanean oinarritua. Istorio eder, bizi eta mamitsua.

Berarekin mintzatzeko aukera izan dugu Irrintzi Plaza saioan. 

Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, Marieren begiradapetik.
Askotariko istorioak gurutzatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen eleberrian: 1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.

Lehen kapitulua hemen irakurgai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!