Leitzako Udalak itxialdiko esperientzien funts bat osatuko du, Labrit Ondarearekin batera

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 13a, 11:59

Leitzako Udalak hitzarmen bat sinatu du Labrit Ondarearekin COVID-19ak sortutako ezohiko egoeran bizitakoak bildu, gorde eta zabaltzeko. Itiziar Luri Labriteko kudeatzaileak eta Mikel Zabaleta Leitzako alkateak azaldu digute zertan datzan egitasmoa.

Proiektuarekin konfinamendu garaian herriak bizitako esperientziaren bilketa, babesa eta transmisioa bermatu nahi dute, ikuspuntu historiko, antropologiko eta gizatiarretik. Hala, esperientzia pertsonal eta kolektiboen funtsa etorkizuneko belaunaldientzako ondarea izango da. Proiektuarekin izaera ofiziala eman nahi diote tokiko historiaren kapitulu bat kontserbatzeko asmoari.

“Ideia sortu zen ahozko memoriaren bilketan jarduten duten gure antropologoen artean, eta orain bizitzen ari garen momentuaren memoria biltzea egokia iruditu zitzaigun”, azaldu du Itziar Lurik. Leitzako Udalari egitasmoa proposatu zioten, eta “ideia bikaina” iruditu zitzaien. 

“Askotan momentuan egiten ditugun gauzak ez ditugu behar bezala baloratzen, eta krisi honek gauza onak ere ekarri ditu: auzolana, elkartasuna, bertako elikadura osasuntsua lantzeko beharra…” adierazi du Mikel Zabaletak. Herria edo komunitatea indartzeko, kohesionatzeko eta batzeko tresna bat ere izan daitekeela nabarmendu du: “Auzolanaren aitortza egiteko”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!