Baztan-Bidasoako “militarizazioa” salatu du Sortuk

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 12a, 10:30

Espainiako militarrak, Berruet Benta inguruan. (Argazkia: erran.eus)

Sortuk salatu du azken asteetan polizia eta militar asko dabiltzala eskualdean, besteak beste, “muga artifizialak kanpamentu militar bihurtzen”. Haien jarrera batzuk gaitzetsi dituzte; esaterako, komertzioetan erosi eta ez ordaintzea. 

Baztan-Bidasoako Sortuk salatu du azken asteetan, Covid-19aren krisiaren testuinguruan, eskualdearen militarizazioa gertatzen ari dela: gero eta polizia eta militar gehiago daudela herrietako kaleetan, osasuna zaintzearen aitzakiapean. “Muga artifizialak kanpamentu militar bihurtuta” daudela kritikatu dute. 

“Garai gogorrak bizitzea tokatu zaigu, covid-19ak eragindako osasun krisia, hagitz larria izaten ari da eta uzten ahal duen egoera ekonomikoa are larriagoa izan daiteke.

Honi, Baztan-Bidasoan, gure karrikak eta komertzioak uniformatutako militarrez beteta eta inposatutako muga artifizialak, bertakoentzat existitzen ez direnak eta orain fisikoak direnak, kanpamentu militar inprobisatuak bihurtuta ikusi beharra gehitu behar zaio, azken honek herritarren egunerokotasunean kalte zuzena sortuz aunitzek mugaren bertze aldean lan egiten bait dute”, adierazi dute ohar baten bitartez. 

Osasun krisia gerra balitz bezala jokatzen ari direla uste du Sortuk, eta haien “etengabeko joan etorriak” eta “handikeria” helburu “identitarioak” baino ez dituela. Adibide zenbait jarri dituzte: hainbat tokitan kontsumitu eta ordaintzeari uko egin diotela, eta Lesakako gazte bati galdeketa egin ziotela, metraileta eskutan. “Justifikaezina den gastu militarra inposizioarako, kontrolerako eta propagandarako erabili izan da”, adierazi dute. Diru hori zerbitzu publikoentan inbertitzeko eskatu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!