Nafarroako IAT estazioak zabalik daude gaurtik aurrera

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 11a, 12:01

Erabiltzaileentzako arreta aldez aurretiko hitzorduarekin egingo da

Astelehen honetatik, maiatzak 11, Nafarroan dauden Ibilgailuen Azterketa Teknikorako (IAT) hamar estazioak irekiko dituzte, eta hitzorduarekin baino ez dute atendituko. Gomendatu dute lehenestea joan den martxoaren 14a baino lehenetik azterketaren balioa iraungita duten ibilgailuak.

Nafarroa itxialdia arintzeko prozesuaren lehen fasera sartu denez, gaurtik zabalik egongo dira IATren hamar geltokiak: Noain, Iruñea (Mercairuña), Cordovilla, Huarte (Areta), Lizarra, Tutera, Arbizu, Santesteban, Peralta eta Zangoza.

Enpresa emakidadunek, Revisiones de Navarra eta TÜV Rheinland Navarra enpresek babes ekipoak bildu dituzte beren langileentzat, eta beharrezko antolaketa neurriak hartu dituzte publikoaren babesa bermatzeko. Bestalde, pilaketak saihesteko, ordutegiak jarriko dituzte zenbait estaziotan. Foru Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hitzordua eskatzeko sistema martxan dago dagoeneko.

Epeak zehazteke

Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak laster zehaztuko ditu IAT iraungita duten ibilgailuen azterketa luzatzeko epeak, bai eta azterketa teknikoko ikuskatzaileentzako jarduera protokolo batzuk ere. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak gomendatu du lehentasuna ematea alarma egoera hasi aurretik iraungitako IATko txartelak dituzten ibilgailuei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!