Michael Robinson Osasunako jokalari ohia hil egin da

Euskalerria Irratia 2020ko api. 28a, 10:35

61 urte zituela hil da, duela bi urte diagnostikatu zioten minbiziak jota.

Michael Robinson Osasunako futbolari eta telebistako esatari ohia 61 urte zituela hil da, 2018ko abenduan antzeman zioten minbiziaren ondorioz. Twitterren duen kontu ofizialean eman dute haren heriotzaren berri. "Hutsune handia uzten digu, baina baita oroitzapen ugari ere, erakutsi diozuen maitasun berarekin betetakoak", dio mezuak.

Robinson 1958ko uztailaren 12an jaio zen Leicesterren (Ingalaterra). Lau urte zituenean, haren familia osoa kostako Blackpool hirira aldatu zen, eta han igaro zuen haurtzaro osoa. Bere aita Arthur Robinson ere futbolaria izan zen.

Preston North End eta Manchester City taldeetan hasi zen futbolean. Aurrelari indartsua eta trebea, Robinson Brighton & Hove Albion taldean Ingalaterrako kopako finalera iritsi zen 1983an. Liverpool taldeak erosi zuen ondoren, eta haren ametsa bete zen horrela. Talde horretan, halere, jokalari handiak zeuden, eta Robinsonek abagune gutxi izan zuen. Hiru txapelketa, liga, kopa eta Europako kopa irabazi zituen Liverpoolgo taldeak denboraldi horretan, baina Robinsonen parte-hartzea txikia zen. Hori dela eta, 1984ko amaieran Queens Park Rangers taldera joan zen. 1987ko urtarrilean, Osasuna taldera aldatzea onartu zuen. Talde nafarrean jokatu zuen erretiroa hartu arte, eskuineko belauneko minaren ondorioz.

Futboletik erretiratu zen, baina ez zuen kirolaren mundua alde batera utzi. Esatari lanak egiten aritu zen, eta horrek haren ospea handitu zuen. Canal+ telebistak hartu zuen kirol-saioak aurkezteko. El día después saioan aritu zen 14 urtez. Ondoren, Cuatro TB-ra joan zen. 2007an Informe Robinson programa estreinatu zuen Canal+en.

Robinsonek berak gaixotasunaren aurkako "borrokan" jarraitzen zuela esan zuen duela astebete sare Twitterren. "Ikusten dut ez naizela inoiz bakarrik ibiliko, Anfielden bezala entzuten zaituztet: 'You'll never walk alone'", adierazi zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!