Nafarroako Auzitegiak zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri dio Osasunako gerente ohi Angel Bizkairi

Euskalerria Irratia 2020ko api. 24a, 09:36

Nafarroako Auzitegiak zortzi urte eta urtebete arteko kartzela-zigorra ezarri die 'Osasuna auziko' hamaika auzipetuetatik bederatziri. Diego Maquirriain eta Jordi Figueras izan ezik, akusatu guztiak zigortu ditu Nafarroako Auzitegiak.

Nafarroako Auzitegiak Twitter bidez jakinarazi du 'Osasuna auziko' epaia. Zortzi urte eta zortzi hilabete eta urtebete arteko zigorra ezarri die 11 auzipetuetatik bederatziri. Gerente ohiari ezarritako zigorra da larriena: guztira, 8 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegiak, merkataritza-agiria bidegabe jabetzeagatik eta faltsutzeagatik.

Archanco presidente ohia eta Peralta zuzendaritzako kide ohia zazpi urte eta erdira zigortu dituzte "bidegabeko jabetzeagatik, dokumentuak faltsutzeagatik eta kirol ustelkeriagatik". Pascual presidenteorde ohiari 6 urte eta erdiko zigorra ezarri diote delitu berengatik. Amaya eta Torres Betiseko jokalari ohiei urtebeteko espetxe zigorra eta bi urteko gaitasungabetzea ezarri die Auzitegiak, kirol ustelkeriagatik. Diego Maquirriain Osasuna Fundazioko gerente ohia eta Jordi Figueras futbolaria absolbitu ditu auzitegiak.

Auzitegiak azaldu duenez, "kirol ustelkeria delituagatik Espainiako lehen zigor epaia" eman dute. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!