Irakaskuntzako kontratazio zerrenden kudeaketa "oposiziotik at" egitea galdegin du Steilasek

Euskalerria Irratia 2020ko api. 24a, 09:20

"Sindikatu guztien kontrako jarrera izan arren", Hezkuntza Sailak zerrendak kudeatzeko arauak onartu dituela kritikatu du.

Steilasek irakaskuntzako kontratazio zerrendak kudeatzea eskatu du, "oposiziotik kanpo" eta "zerrendetan dauden langileen urteroko birbaremazioari berriro heltzea".

Sindikatuak kritikatu du Hezkuntza Sailak, foru agindu bidez, aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendak kudeatzeko arauak onartu dituela, "sindikatu guztien kontrako jarrera izan arren". "Lau urtean hirugarren araudia da, eta aurrekoen gabezia eta arazo berberak mantentzen ditu", adierazi du ohar baten bidez.

Azaldu duenez, sistema horrekin "nahikoa izango da LEPera edozein espezialitate eta hizkuntzatan aurkeztea hautaketa-prozesuan, aurretik zeuden gainerako zerrendetan egoteko", eta "irakasleen esperientzia soilik barematuko da".

Era berean, "kontratu bat atzera botatzean ez da aurreko deialdietako nota gordeko", eta "bost unitate edo gutxiago dituzten ei eta LHko zentroetan dauden lanpostu hutsak 'betetzeko zailak' izango dira".

Steilasen ustez, "zerrenden kudeaketa hori oraindik ere hautsitako jostailu bat da, nahiz eta adabaki berriek aurretik identifikatutako gabezien petatxuak estaltzera etorri".

"Zerrendak kudeatzeko sistema integratu bat ezartzea" aldarrikatu du sindikatuak, "irakasle guztien gaikuntza, hizkuntza eta profil guztiak kontuan hartuko dituen zerrenda batekin".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!