Kontseiluaren irizpenak dekretu berria lantzeko “berme juridikoa” emango duela uste du Ana Ollok

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 4a, 13:39

Kontseilariak “positibotzat” jo du kontseiluaren testua: "Erakutsi du euskara eremu ez euskaldunean meritu gisa baloratzea legezkoa dela".

Euskararen Foru Legea aldatu gabe eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa baloratzea legezkotzat jotzen duen Nafarroako Kontseiluaren irizpen bat jaso du gaur Nafarroako Gobernuak. Gobernuak berak eskatu zuen testua, arau berri bat lantzen ari delako administrazioan euskararen erabileraren inguruko Foru Dekretuko zenbait artikulu baliogabetzen dituzten epaien ondoren.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak “positibotzat” jo du kontseiluaren testua: "Erakutsi du euskara eremu ez euskaldunean meritu gisa baloratzea legezkoa dela". Nabarmendu du, halaber, testuak "ulertezintzat" jotzen duela zenbait tokitan atzerriko hizkuntzak baloratzea, eta euskara, berriz, ez. Horrez gain, kontseilariak uste du testuak “argia” emango duela araudi propio bat garatzeko orduan: “Berme juridikoa eman digu lantaldean nora jo jakiteko”. 

Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu behar direla adierazi du, eta txostena hori lortzeko lagungarria izango dela gaineratu: “Bide argiagoa emango digu 80.000 euskaldun baino gehiagoren eskubideak bermatzeko”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!