Euskara eskubidea aldarrikatu dute milaka pertsonak Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 2a, 07:59

5.000 pertsonak bat egin zuten Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen zuen manifestazio koloretsuarekin. Haur eskoletako gurasoek, Mendigorriko familiek eta NUPeko ikasleek hizkuntza eskubideetan “atzerapausorik ez ematera eta aurrera egitera" dei egin zuten.

Haurren gurditxoek ireki zuten manifestazioa, ilara luzea osatuz eta txikiek ehunka puxika gorri eskutan zutelarik. Atzean pankarta, “Euskara Eskubidea, Ni más, ni Menos” (Euskara eskubidea, ez gehiago, ezta gutxiago ere) leloarekin. Pankartari eusten Iruñeko eta Antsoaingo haur eskoletako gurasoak, NUPeko ikasleak eta Mendigorriko eskolako gurasoak zeuden. Atzetik, deialdiarekin bat egin zuten milaka pertsonek. Golem zinemetatik, Sarasate pasealekuraino. Bertan bukatu zen protesta jai giroan eta ehunka puxiken dantza tartean.

Nafarroako Gobernuari dei zuzena egin zion Ainhoa Oiaga Iruñeko haur eskola euskaldunetako amak: “Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia»”. Unai Irigarai NUPeko ikasleak ere mikrofonoa hartu zuen: “Gure lingua navarrorum ukatuz elebakartasunera kondenatu nahi gaituzten agintariak haien teilatu gorriari harrika ari zaizkio”. Iñigo Lerga aita mendigorriarrak azaldu zuen Nafarroako Gobernuak ez duela bere herriko eskolan D eredua jarri nahi: “Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz”. Gogora ekarri zuen Castejongo eskolan ez dietela PAI ingelesezko programa alde batera uzten utzi, eta Sakanan arazoak dituztela Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!