Kontseiluak salatu du euskararen garapenaren aurkako neurriak hartzen ari dela gobernua

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 19a, 13:52

Kontseiluak kezka agertu du hezkuntzaren arloan Nafarroako Gobernua hartzen ari den erabakirekin. Jarrera birbideratu eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko politika sendoen alde egitera deitu du.

"Harridura eta kezka" sortu dute Kontseiluan Nafarroako Gobernuak hartutako zenbait erabakik, besteak beste, Mendigorrian eta Castejonen eskoletako ikasleei eragiten dietenak. “Gogoratu behar dugu Gobernuaren lana dela egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea; ez, ordea, oztopoak jartzea”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Mendigorrian D ereduko lerrorik ez eskaintzea "erabaki oso larritzat" jo du Kontseiluak: "Are gehiago, kontuan hartuta nola ibili behar izan duten gurasoek azken asteotan aurrematrikulazioa egiteko” . “Neurri proaktiboak hartzea baino, euskaraz ikasi nahi dutenei erraztasunak ematea baino, Gobernuak burugogor dihardu D ereduko lerroak zabaltzeari oztopoak jartzen”, gaineratu du Bilbaok.

Castejongo egoerari erreferentzia eginez, Bilbaok adierazi du PAI programa "euskararen garapenaren kontrako hizkuntza-politika bati lotutako hezkuntza-ereduaren" adibide dela. Kontseiluaren arabera, deitoragarria da ikastetxe bateko eskola-klaustroak eredu horretatik ateratzeko eskaera errefusatzea eta, gainera, arrazoi gisa jartzea egoki justifikatu ez izana. “Kontuan hartu behar dugu PAI eredua desagertuz gero, D eredu arrunta ere balegokeela ikastetxean, hortaz, erabaki horrekin D ereduaren garapenari ere galga jarri diote”.

Kontseiluaren arabera erabaki "kezkagarriak" dira. “Gainera erabaki hauek etorri dira noiz eta gobernuak D ereduaren aldeko kanpaina lagundu ez duen ikasturtean”, esan du Kontseiluko ordezkariak. “Prozedura-arazoen ondoriozko gertaera izan dela azaldu badute ere, gure ustez argi geratu da euskararen gaia ez dela lehentasunezkoa agendan” gaineratu du.

Azkenik, Kontseiluak ikasturte berriko aurrematrikulazioen inguruko lehen balorazioa ere egin nahi izan du: “Zoriondu nahi ditugu, bai, euskarazko ereduaren alde egiten jarraitzen duten gurasoak. Halere, egia ere bada, D ereduak jarraitzen duela %30eko langa ezin gaindituz. Zalantzarik ez dugu, bestelako politikak jarriko balira, D ereduari buruzko bestelako komunikazioa egingo balute, eta nola ez, D ereduari trabak jarriko ez balitzaizkio, gora egingo lukeela portzentaje horrek. Horrexegatik, politikak birbideratzeko eskatu nahi diogu Gobernuari” adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!