2019ean bukatu da NUPeko aurreko euskara plana eta ikasleek salatu dutenez ez ditu argi ta garbi helburuak bete. Karrera bakarra dago gaur euskaraz Nafarroako Unibertsitate Publikoan, magisteritza, eta ez da berririk ezarri planak iraun duen bitartean.
Euskara Plan berria prestatzen hasiko da aurki errektoretza eta bertan eragitera dei egin dute ikasleek. Horregatik bi norabideko presioa egin nahi dute, Unibertsitateko zuzendaritzari berari, behingoz euskarari behar bezalako garrantzia eman diezaion eta bestetik Nafarroako Gobernuari euskara indartzeko beharrezkoa den diru partida emateko unibertsitateari. Apirilaren bian manifestaziora dei egin dute unibertsitatean bertan, euskaraz ikasi nahi dugu lelopean.