Maria Solana: “Mendigorriko gurasoen eskaera ez badute onartzen, legearen aurka arituko dira”

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 5a, 13:21

Geroa Baiko parlamentariak adierazi du Mendigorriko familiek “eskubide osoa” dutela eskaera hori egiteko, eta Hezkuntza Departamentutik “borondate falta” sumatu dutela.

Astelehenean, aurre-matrikulazio kanpaiaren lehen egunean, Hezkuntza Departamentuak ukatu egin zien Mendigorriako zenbait familiari haurrak herriko eskolan D ereduan aurre-matrikulatzeko aukera. Asko izan dira erabaki horren aurka agertu direnak: astelehenean bertan, EH Bilduk jakinarazi zuen biharko osoko bilkuran galdera egingo diola Carlos Gimeno kontseilariari. Atzo, berriz, gobernu barrutik etorri zen gaitzespena: Geroa Baiko Maria Solanak ohar bidez kritikatu zuen erabakia. Harekin hitz egin du Euskalerria Irratiak, eta adierazi du Mendigorriako familiek “eskubide osoa” dutela eskaera hori egiteko, eta “borondate falta” sumatu dutela.

Eztabaidaren erdigunean ratioak daude. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak zortzi ikasleko gutxieneko ratioa ezarria du D ereduko lerro berri bat zabaltzeko; Mendigorrian 11 dira seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatu nahi dituzten gurasoak, baina haur horiek ez dira denak urte berekoak. Hala ere, orain arte,  landa eremuko ikastetxeetan malgutasunez jokatu dute ratioekin. Izan ere, Solanak gogorarazi duenez, Euskararen Legearen 2015eko aldaketek aitortzen dute nafar guztiek eskubidea dutela euskaraz ikasteko, eta ratioak ezartzen dituen foru legea, lege horren azpitik dago; beraz, eskubide hori bermatu beharra dago. Kasu honetan, ratioetan salbuespenak eginez.

Bestalde, Solanak nabarmendu du akordio programatikoan zehaztua dagoela, besteak beste, D ereduaren eskaintza zabaltzeko nahiz landa eremuko eskolei bultzada emateko konpromisoa, eta, azken batean, baita Mendigorrian eskatzen dutena bermatzeko konpromisoa ere. Hortaz, eskaera ez onartzekotan, akordio programatikoaren aurka egingo dutela kritikatu du.

Egoera horretan, gaiari buruz mintzatzeko eskatu dio Gimeno kontseilariari, eta azpimarratu du Hezkuntza Departamentuak ezingo duela ukatu Mendigorriko gurasoen eskaera, legearen aurka egitea izango baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!