Ultzamako Udalak eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egindako deialdiari erantzunez, bailara honetako eta ingurukoetako adin guztietako ehunka bizilagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Larraintzarreko udal eraikinaren aurrean, larunbatetik iganderako goizaldean bere jaiak ospatzen ari zen Lizason jazotako eraso sexista gaitzesteko.
Elkarretaratuek, “Eraso sexistarik ez” esaten zuen pankartaren atzean, 15 minutuko isiltasuna gorde zuten. Ondoren, bi emakume lizasoarrek irakurri zuten astelehenean, eraso hau gaitzetsiz, Ultzamaldeko Mankomunitateak onartutako manifestua. Honetan, biktimari elkartasuna adieraztearekin batera, “indarkeria sexistaren atzetik gizon eta emakumeen artean ematen diren boterezko menpekotasun harremanen fenomeno estrukturala egonda, eraso hauek herri txikietan ere gertatzen direla”, larunbatean Lizason gertatukoa, adibide izanik.
Testu berdinean gogorazten zen“kalea, eguna eta gaua guztion gozamenerako” direla eta “emakumeek hauek beldurrik gabe eta askatasun osoz okupatzeko eskubidea daukatela, beraien harremanak kudeatzeko eskubidea eta gorputza zein sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea ere daukaten bezalaxe”.
Amaitzeko, bi emakumeek “eraso honen biktima izan den emakumaren intimitatea babestua” izatea eskatu zuten eta “erasoaren unean gertu zeuden emakume zein gizonek izandako jokabidea, protokoloa martxan jarri eta erasotuari behar bezalako babesa eta laguntza eman izana”, bereziki eskertu zuten.
Ekimena bertaratutako guztien txalo luze batekin amaitu zen.