DIETAK

Asiron: “Ez diegu utziko dirua atzeko atetik hartzen”

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 29a, 12:42

Udal gehiengoak Comiruñaren estatutuak aldatuko ditu, dietak bertan behera uzteko

Enrique Maia alkatea goi kargudunek udal sozietateetao administrazio kontseiluetan parte hartzeagatik jasotzen zituzten dietak berpizten ahalegindu da. Presidentetza Batzordean, udal gehiengoak (EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik) dietak bertan behera uzteko eskatu zion. Alkateak entzungor egin zuen. Eta orain gehiengoak Comiruñaren estatutuak aldatuko ditu, azaroaren 21ean eginen duten administrazio kontseiluan, dietarik kobra ez dadin. Horretaz guztiaz mintzatu da gaur EH Bilduren eledun Joseba Asiron, Metropoli Forala saioan.

Aurreko legealdian utzi zenituzten dietak bertan behera. Nola? Zergatik?

Alkatetzara iritsi ginenean, Iruñeko eta Nafarroako jendartean sekulako kezka eta haserrea zegoen dieten aferarekin.

Topatu genuena izan zen goi kargudunen betebeharren artean bat izanda administrazio kontseiluetara joatea, dietak kobratzen zituztela. Hori kendu egin genuen.

Maiak berpiztu nahi izan ditu.

Navarra Sumakoak berriz iritsi direnean, egin dutena izan da dietak berriro ezarri.

Bilerak Udaletxean eta ordutegi arruntetan egiten dira. Beraz, ez dakigu zergatik kobratu nahi dituzten dietak. Edo bai, badakigu: diru gehiago lortzeko, atzeko atetik.

Dietak bertan behera uzteko eskatu zenioten, baina entzungor egin zizuen.

Legealdi honetan behin eta berriz egiten ari da: beste alde batera begira, eta kasurik ez.

Gainera kasu honetan modu mingarrian egin zuen. Kontseilu horietan Navarra Suma gutxiengoa da. Haiek izendaturiko goi kargudunen botoez baliatu ziren dietak aurrera ateratzeko. Esan genien horri buelat emateko modua topatuko genuela. Eta topatu dugu.

Zenbatekoak dira dieta horiek?

Aurrekoan egin zuten 9:00etan izan zen , eta Udaletxean bertan egin zuten. 40 minutuko bilera izan zen. Eta 365 euro kobratu zutena.

Comiruña udal sozietate bat da, eta udalak kapitalaren %100 dauka. Horregatik, Administrazio kontseilua udalbatzak osatzen du.

Beraz, gehiengoaren bidez behartuko dugu batzar berezira deitzea Eta horretan estatutuak aldatuko ditugu. Aldatu behar dena da bakar-bakarrik artikulu bat, dietak kobratzea ahalbidetzen duena. Kontrakoa jarriko dugu: administrazio kontseiluko bileretara joaten direnean haien betebeharra betetzen ari direla, eta ez dutela dietarik, gainsoldatarik kobratu behar.

Beraz, joan den legealdian ez zenituzten estatutuok aldatu.

Aurreko legealdian uko egin genion halakoak kobratzeari, Comiruñako estatutuak aldatu ez bagenituen ere. Goi kargudunek zein zinegotziek ez zuten deus kobratzen.

Gainera, beste bi udal sozietateetan ere ez zen kobratzen. Iruñea Biziberritzen udal sozietatean estatutuak aldatu genituen. Eta komertzializatzaile energetikoa guk sortu genuen, eta estatutuetan zehaztu genuen ez zela dietarik kobratuko.

Noiz gauzatuko da estatutuen aldaketa?

Azaroaren 21ean eginen dugu batzarra, eta horretan gehiengoa baliatuz aldaketak eginen ditugu estatutuetan. Eta udal ordezkariaren izena ere aldatuko dugu. Orain arte beti alkatea izaten zen, baina haren jarrera ikusita erabaki dugu ni izanen naizela ordezkaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!