Maiorga Ramirez: “Tranpa egiten ari dira, EA urtu ahal izateko”

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 16a, 11:54

“Onartezinak” iruditzen zaizkio idazkaritza nagusirako bere hautagaitza bertan behera uzteko erabili dituzten argudioak, Euskalerria Irratian azaldu duenez

“Nabari da fondoan badagoela eztabaida politiko bat: zein izan behar da Eusko Alkartasunak EH Bildun eduki behar duen kokapena. Eta hori eztabaida baten bitartez bideratu ordez, lokatzera eramaten ari dira”, hala mintzatu da Maiorga Ramirez Metropoli Forala saioan.

Afera da EAko Hauteskunde Batzordeak bertan behera utzi duela Ramirezek idazkaritza nagusirako aurkezturiko hautagaitza. “Baina ez dute egin erreglamenduari jarraituz baizik eta erreglamendukeria baten bidez”, azaldu du.

Afiliatuen 50 abal dira beharrezkoak idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkezteko. Ramirezek 400 aurkeztu ditu. Hortik aurrera, Hauteskunde Batzordeak dio lurralde bakoitzeko (lurraldetzat harturik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) gutxienez bost abal aurkeztu behar direla. Ramirezek zazpi aurkeztu zituen, baina, azaldu duenez, horietako bost atzera bota dizkiote “txikikeriengatik, sinadura ez zelako ongi ikusten, edo NAN zenbakia egun bat geroago aurkeztu zelako”. Aintzat hartu beharra dago Ipar Euskal Herrian EAk guztira 20 afiliatu inguru dituela.

Hauteskunde Batzordearen erabaki horren ondorioz, sektore ofizialeko Eva Blanco geratu da idazkari nagusirako hautagai bakar moduan. Hori horrela, Ramirezek helegitea aurkeztu du Hauteskude Batzordearen eta Berme Batzordeen aitzinean, “idazkari nagusia afiliatuek hauta dezaten, eta idazkari nagusi berria ez dadin sartu atzeko atetik”.

Ramirezen irudikoz, “hegemonia lortzeko, beharrezkoa da EH Bilduren barruan Sorturen, Alternatibaren eta EAren proposamenak eta historia argi egotea”. Azaldu duenez, Eva Blancok ordezkatzen duen sektore ofizialak, aldiz, “EA urtu nahi du EH Bildu alderdi bakar bat balitz bezala, eta hor EAren ekarpenak eta historia ez dira ikusten”. Izan ere, “EH bilduk hegemonia lortu dezan zentro ezkerretik ezkerrera dauden pertsona guztiengana iritsi behar dugu, eta horretan Eak badu ekarpena egiterik”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!