Eusko Alkartasunako idazkari nagusi izateko primarioetara aurkeztu ahal izateko, gutxienez alderdiko 50 afiliaturen bermea lortu behar da. EAko Nafarroako buru eta EH Bilduko foru parlamentari Maiorga Ramirezek 400 aurkeztu ditu. Alderdiko Hauteskunde Antolaketarako (AHA) Batzordearen arabera, lurralde bakoitzeko gutxienez bost aurkeztu behar dira (lurraldetzat harturik Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Ipar Euskal Herria). Ramirezek Ipar Euskal Herriko zazpi aurkeztu ditu. Baina AHAk horietako bost atzera bota ditu, eta hartara baliogabetu egin du Ramirezen hautagaitza. Ramirezek berak salatu du urriaren hasieran EAko Berme Batzordeak lurralde bakoitzeko bost berme aurkeztu behar izatearen baldintza erretiratu egin zuela, eta bermeak bildu ahal izateko militanteen errolda eskatuta bitan ukatu diotela. Gauzak horrela, salaketa aurkeztuko du alderdiko Berme Batzordearen aitzinean. Idazkaritza Nagusirako beste hautagaiak, Eva Blancok, 60 berme aurkeztu ditu eta hautagai bakarra denez, aldaketarik ezean, bera izanen da EAko idazkari nagusi berria.