Zientzia Nobel saridunak: 9 gizon, 8 zuri eta japoniar bat

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 10a, 18:07

Zientzia arloetan 3 Nobel Sari ematen dira urtero, Suediako Zientzia Akademian: Medikuntza-Fisiologia, Fisika eta Kimikan. Aurten hiru zientzialari izan dira sarituak arlo bakoitzean. 9 denera. 9ak gizonak, 8 zuri eta japoniar bat. Nortzuk diren eta zeintzuk diren haien merituak azaldu digu Iriintzi Plazan Jon Mattin Matxain kimikariak. 

Nobel Saridunak 2019
Zientzia arloetan 3 Nobel Sari ematen dira urtero, Suediako Zientzia Akademia : MedikuntzaFisiologia, Fisika eta Kimikan. Aurtengoan horrela banatu dira sariak. Denera, 9 saritu, 8
gizonezko txuri eta japoniar bat. Sari bakoitzaren azalpen laburra emango dugu denbora kontua dela eta, eta ondorengo kolaborazioetan azalpen sakonagoak landuko ditugu.

 

  • Medikuntza-Fisiologia: William Kaelin eta Gregg Semenza estatu batuarrek Peter Ratcliffe britaniarrak irabazi dute aurtengo Nobel Saria. Arrazoia: zelulek oxigenoa nola detektatu eta erabiltzen duten mekanismoa azaltzeagatik. Oinarrizko mekanismo honek animalia guztiek konpartitzen dugu, eta oxigenoa energia lortzeko nola erabiltzen den azaltzen du. Gogoan hartu oxigenoa erabiliz (mekanismo aerobioa) oxigeno gabe (anaerobioa) lortzen den energia baino 15 aldiz gehiago lortzen dela. Hiru zientzialari hauek, beraien ikerketen bidez, azaldu egin zuten zelulek bere inguruan dituzten oxigeno mailak nola detektatu eta horietara metabolismoa nola egokitzen duten, modu honetan ehunetara oxigeno gehiago iritsiz. Aurkikuntza hauen ondorioz, anemiaren kontrako tratamenduak eta minbiziaren aurkako farmakoak garatu ziren eta garatuko dira, besteak beste.

 

  • Fisika: Michel Mayor, Didier Queloz eta James Peebles. Lehenengo biek eguzki sistemaz kanpoko planetak (exoplanetak) aurkitzeagatik, eta hirugarrena Kosmosaren eboluzioaren teoriak garatzeagatik. Duela 30 urte arte, exoplanetak kontzeptu teorikoa ziren bakarrik. Gaur egun 4000 baino gehiago aurkitu dira. Lehenengoak 1992 urtean aurkitu ziren, neutroi izar baten inguruan bueltaka. Aurkikuntza honen arduradunak ez dituzte saritu (Aleksander Wolszczan eta Dale Frail). 3 urte beranduago, gure eguzki moduko izar bat orbitatzen zuten lehen planetak aurkitzeagatik saritu dituzte Michel Mayor eta Didier Queloz suitzarrak. Peebles Kanadiarrari beste arrazoi bategatik eman diote. Big Bangen ondorioz Unibertsoan barrena sakabanatuta dagoen fondoko mikrouhin erradiazioa aurresateagatik saritu dute.

 

  • Kimika: Akademiak kimikako saria John B. Goodenough estatu batuarrari, Stanley Whittingham britaniarrari eta Akira Yoshino japoniarrari eman die, litio ioien bateria garatzeagatik, litiozko bateriak bezala ezagutzen direnak garatzeagatik. Bateria hauek mundua erreboluzionatu dute, bateria hauek arinak, birkargagarriak eta potenteak dira, eta mugikorretan, portatiletan eta garraiobide elektrikoetan erabiltzen da. Beste pilekin alderatuta abantail itzelak ditu, eta eguzki zein haize energia kantitate handiak gordetzeko balio du. Bateria hauen funtzionamenduak ez du beste pilekin zerikusirik, mekanismo desberdina du, eta ez ziren lortu innobazio prozesu bat jarraituz, ikerketa zientifikoari esker baizik. Honek ikerketaren balio gehigarria erakusten du innobazioaren aurrean, horrelako adibide asko egonik.

 

Kuriositateak

 

  • Michel Mayor Donostian zegoen oporretan sariaz enteratu denean. Hondarribiko aireportuan ordenadorean zituen mezuak ikustean ateratako argazkia asko hedatu da sareetan eta komunikabideetan.

 

  • 9 gizonezko txuri: agerian geratu zientzia egiteko eta garatzeko kolektibo askok duten traba gehigarriak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!