Gau Beltza antolatzeko baliabideak eskura jarri ditu Topaguneak

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 9a, 10:43
  • Urriaren 31an ospatzen den Gau Beltza antolatzeko ohitura zaharrak berreskuratu eta jaia berrasmatzen ari dira herriz herri
  • Euskaltzaleen Topaguneak bilketa lana egin, baliabideak sortu eta denon eskura jarri ditu
  • Baliabide kutxaz gain gaubeltza.eus webgunea sortu da baliabide guztiak eskuratzeko

Gau Beltza urriaren 31an ospatzen da Euskal Herrian. Azken urteetan ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. Ospakizun horietako antolatzaile zein parte hartzaileekin bildu, ikuspegi ezberdinetako ekarpen berriak jaso, eta adostutako oinarri partekatu batekin osatu du Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza antolatzeko baliagarri izan nahi duen baliabide kutxa.  

Irailaren 21ean Eibarren UEUrekin elkarlanean antolatutako ikastaroan aurkeztu zen baliabide kutxa eta geroztik www.gaubeltza.eus webgunean jasota daude antzeko ospakizuna antolatu nahi duen edonorentzat baliagarria izango den materiala.  

Baliabide kutxan eta webgunean ondoko baliabideak aurkitu daitezke:

  • jaiaren jatorriaren azalpena,
  • sustatu nahi diren baloren deskribapena,
  • prozesuan laguntzeko gomendioak,
  • ospakuntzarako ekintza proposamenak, eta
  • komunikazio euskarriak. 

Nondik dator Gau Beltza?

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; gaua, beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak… Gazteenentzat erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen dituzte jai hauek.  

Bizipenak aldatu egin dira eta, honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da; eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian. Berreskurapena bezain beste, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten: antzinakoak kontuan hartuta, guretik ari gara Gau Beltza ospatzen, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta.  

Euskara, komunitatea, gazteen protagonismoa, naturarekiko harremana, berdintasuna, genero rolak apurtzea eta tokian tokiko ohitura eta aukerei egokitua. Horiek dira Euskaltzaleen Topagunetik landu nahi izan diren balore eta ezaugarrietako batzuk.

Euskaltzaleen Topaguneak sortu ditu baliabideen kutxa eta www.gaubeltza.eus webgunea, Kutxa Ekogunea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuaren babesarekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitezte gurekin harremanetan goiburuan agertzen diren helbide elektroniko edo telefonoen bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!