Milaka zale bildu ziren 38. Urbasako Igoeran. Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria zen proba honetan 95 pilotuk hartu zuten parte, tartean 10 sakandarrek. Olaztitik Urbasako portu gainera, 5,72 kilometroko eta 288 metroko desnibel positiboko igoera zen Urbasakoa. Ibilbide mitiko horretan, hasierako zatia azkarra da, baina ondoren dator bihurgunez betetako tarte teknikoa, gehienak ferra bihurguneak edo 180 gradukoak, guztira 39 bihurgune gainditu arte. Eta ibilbide hori hiru aldiz egin behar izan zuten pilotuek, entrenamenduak eta bi txanda. Proba hasi baino lehen, Sakana Motorsportek omenaldia egin nahi izan zion Espainiako Supermotard Txapelketako master mailako txapelduna izan den Fernando Urra pilotu olaztiarra. Horrela, olaztiarra lehena izan zen Urbasako igoera igotzen; hori bai, motorrean.
Skanako Guaixe aldizkariak eginiko erreportaian azaltzen duten bezala, irteera hartu zuten 95 pilotuetatik 48k ezin izan zuten proba despeditu, matxurak zirela medio edo errepidetik irteerak izan zituztelako. Eta tartean istripu bat gertatu zen. Bihurgune batean auto bat bidetik atera zen eta debekatutako eremu batean zegoen argazkilari bat harrapatu zuen. Zorionez, kolpea hartu zuen, kolpe fuertea, baina ez zen garrantzizko hausturarik izan. Dena den, harrapaketa jasotzen zuen bideoa sare sozialetan barra-barra zabaldu zen.
Sakana Motorsport eskuderiaren kezka nagusiena pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da. Horrekin batera, Urbasa-Andia natur parkea garbi-garbi uztea. Segurtasuna mantentzeko neurri zorrotzat hartu zituzten, baina beti dago arauak betetzen ez duena, guztion kalterako. Nolanahi ere, antolakuntzak egunaren balorazio positiboa egin zuen. “Ez da ezer larririk gertatu, istripuan zauritutako argazkilariak ez baitu arazo larririk, eta alde horretatik kontentu gaude. Bestalde, matxura asko egon dira eta horrek lasterketa geldiarazi du sarritan, baina Igoera, orohar, ongi joan da eta primerako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Olaztira eta Urbasara gerturatu direnak” aipatu dute Sakana Motorsporteko arduradunek.
Garikoitzekin mintzatu gara 'Kirol txiki, esfortzu handi' tartean Irrintzi Plazan.