Uxue Barkos: “Helegiterik ez aurkezteak ez gintuzke leku txarrean utziko”

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 8a, 14:45

Nolanahi ere, Barkosen irudikoz foru gobernuak helegitea aurkeztu beharko luke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren euskararen dekretuari buruzko epaiaren aurka.

Geroa Bai-ren eledun Uxue Barkosen irudikoz, foru gobernuak helegitea aurkeztu beharko luke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren euskararen dekretuari buruzko epaiaren aurka. Nolanahi ere, gobernuak azkenean errekurtsorik aurkeztuko ez balu, Barkosen iritziz ez lirateke toki txarrean geratuko Geroa Bai, aurreko gobernua, Ana Ollo kontseilaria: “Epaia hartzen badugu, ikusten dugu aurreko gobernuak euskararen dekretuarekin egindako lana onartu egiten duela, funtsezko puntuetan gainera”.

Barkosen aburuz, helegitea aurkeztuta auzitegian aurrera egitea ez litzateke erraza izanen, auzia berriro epaile berberek aztertuko dutelako. Halere, uste du egin beharko litzatekeela.

Euskararen Legea aldatzeko aukerei buruz, ezkor azaldu da Barkos: “Askotan entzun dugu galdetzen zergatik ez genuen legea aldatu joan den legealdian. Bada ez genuelako gehiengo osorik. IEk argi eta garbi esan zuen ezetz. Eta Ahal Dugu-n ere baziren kontrako sektoreak. Eta orain, parlamentuan, are gutxiago gara zonifikazioa gaindituko duen lege aldaketa baten aldekoak”. 

Bestalde, Barkos harrituta azaldu da PSNk Navarra Sumaren Ikurren Legea tramitatzearen alde bozkatu duelako: “Koherentzia gutxi erakutsi dute, Txibiteren Nafarroako Gobernuak kontra egin zuela aintzat hartuz. Bistan da hauteskundeak gertu daudela”. Aurrekontuei buruz esan du “koherentzia sozialarengatik” gobernuak EH bildurekin negoziatu beharko lituzkeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!