400 neska gazte elkartu dira asteburuan, Lizarran

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 7a, 12:09

Neska gazteen topaketa feministak egin dituzte, 'Egin dezagun topa' lelopean. 

Hainbat helbururekin egin dituzte topaketak Euskal Herriko neska gazteek: elkarren artean sareak jostea, aurrera begirako erronkak zehaztea eta autodefentsaren inguruan gogoeta egitea. Asteburuko eztabaida eta gogoetetan ateratako ondorio nagusiak Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan aurkeztuko dituzte, mahai inguru batean. Durangon (Bizkaia) egingo dituzte, azaroaren 1etik 3ra, Salda badago lelopean.

Ostiral arratsaldean abiatu ziren topaketak, eta gogoetarako erabili zuten lehenengo saioa: Euskal Herriko neska gazteek egindako urratsei erreparatuta, aurrera begirako erronkak definitzeko. Hurrengo saioan, genealogia feministak aztertu zituzten; horretarako, une ezberdinetan mugimendu feministako kide izandako emakumeak garaian garaiko eztabaiden eta borroken inguruan mintzatu ziren: Begoña Zabala, Hegoa Ugalde eta Irantzu Perez. Horietaz gain, Lizarrako emakumeek herri horretako genealogia feministaren argazki bat egin zuten. Gauean, aisialdirako tartea izan zen.

Autodefentsa feministaren inguruko saio batekin abiatu zuten bigarren eguna. Borroka moldeen inguruan gogoeta egin zuten, horrek egungo testuinguruan dituen hutsuneak identifikatzeko eta horiek betetzeko egin beharreko aldaketak definitzeko. Hausnarketa hasteko, Aiora Epelde Emagineko kideak autodefentsa feministaren marko teorikoa kokatu zuen, eta ondoren, lantaldetan banatuta, eztabaidatu eta ondorio nagusi batzuk identifikatu zituzten. Durangon egingo diren topaketa feministatan aurkeztuko dituzte.

Autodefentsari eskainitako tartea amaituta, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izan ziren, egun feminismoa ezaugarritzen duten borrokak ezagutzeko. Askotariko gaiak jorratu zituzten horietan; besteak beste, marxismoa eta feminismoa, feminismo dekoloniala, lesbiana izatea Euskal Herrian, antiespezismoa, landa eremuko feminismoa eta hezkuntza.

Topaketei amaiera emateko ekitaldia egin zuten, Foruen plazan. Asteburuan egindako hausnarketen balioa nabarmendu, eta aurrera begira “bihotz eta ahots propioz” jarduteko hautua berretsi zuten. Halaber, autodefentsa feministaren ildoan aurrera jarraitzeko eta hura toki guztietan txertatzeko beharra azpimarratu zuten. Azkenik, jardunaldi feministetan parte hartzeko gonbidapena zabaldu zieten neska gazteei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!