PSN helegitea aurkeztearen aurka azaldu da berriro

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 4a, 14:09

Banaketa berriz ere Gobernua sustengatzen duten alderdien artean. PSN, Navarra Sumarekin bat eginez, epaia onartu eta aplikatzearen alde. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta IE-k helegitea aurkeztea eskatu dute. Maria Chivite Presidentea bitartean erdibidean geratu da, epaia aztertzen ari direla adierazi du, hurrengo pausua eman aurretik. 

Asteartean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ateratako epaiak markatu egin du Parlamentuko hizkuntz politikaren inguruko eztabaida. Nvarra Sumako Javier Esparzak esan du “ justizia eta UGT edo ta EH Bildu eta Geroa Bairen artea erabaki” beharko duela Maria Chivitek. Helegitea ez aurkeztea exigitu eta hizkuntza politika adosteko eskua luzatu dio “gehiegikeriarik eta diskriminaziorik gabe” adierazi du. Zentzu berean mintzatu da Ramon Alzorriz, PSNko antolakuntza idazkaria. Epaiarekin ados daude sozialistak eta “PSNk ez luke helegiterik aurkeztuko, zentzuzkoa baita epaia” adierazi du Alzorrizek.

Epaiaren ondorioetara jo dute Geroa Baik eta EH Bilduk, helegitea eskatzerako orduan. “Alemana, frantsesa eta ingelera euskara baino gehiago baloratzea onartuko al du Gobernuak? Nola bermatuko ditu euskal hiztunen eskubideak?” galdetu du Bakartxo Ruizek. Zentzu horretan azalpen argia eman du EH Bilduko eledunak, “administrazioa ez da kolokazio agentzia bat, administrazioaren eginbeharra kalitatezko zerbitzuak ematea da, hiritarron eskubideei erantzuten dietenak; eta euskaldunok administrazioarekin euskaraz erlazionatzeko eskubidea dugu” azaldu du.EH Bilduk, hizkuntza eskubideak bermatzeko mozioa aurkeztu du Parlamentuan.

Maria Chivite Presidenteak, epaia aztertzen ari direla adierazi du, ahalik eta ziurtasun juridikorik handiena bilatzeko. Azken Lan Eskaintza Publikoetan funtzionario plaza lortu zutenendako lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, beren postuak ez daudelako kolokan adieraziz. Hori bai, datozen deialdietan epaiak izan dezakeen eragina aztertzen ari dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!