Navarra Sumaren ikurren legea eztabaidatzearen alde bozkatu du PSNk

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 3a, 12:02

PSNko eledun Ramon Alzorriz, artxiboko irudi batean.
  • Txibiteren Gobernuak tramitazioaren aurkako txostena helarazia zion koalizio eskuindarrari.
  • Alzorriz eledun sozialistak dio modu horretan desaktibatu egiten dutela eskuinaren gezur kanpaina.
  • EH Bilduko Maiorga Ramirezek "surrealistatzat jo du gertaturikoa, eta PSNren bazkideen rola kritikatu.

 

Navarra Sumaren ikurren foru lege berria egiteko proposamena tramitera onartu du gaur Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, Navarra Suma-ren beraren eta PSNren aldeko botoekin, eta Geroa Bai-ren, EH Bildu-ren,  Ahal Dugur-en eta Izquierda Ezkerraren aurkakoekin.

PSNk aldeko botoa eman du, Maria Txibiteren exekutiboa tramitazioaren kontra egonagatik; izan ere, joan den astean Nafarroako Gobernuak tramitazioaren aurkako txostena helarazi zion koalizio eskuindarrari. Hartan azaltzen zuen ekimena ez dela beharrezkoa eta ez duela oinarririk. “2019-2023koa bizikidetza, parekidetasun, berrikuntza eta aurrerakoitasun legealdia izan dadin lorturiko akordio programatikoak zalantzarik gabeko konpromisoa adierazten du foru erkidegoaren ikurrekiko, eta hartara haien babesa guztiz bermaturik dago”, zioen txostenak.

Alzorriz: “Sorpresa!”

“Alderdi sozialistak alde bozkatu behar du: sorpresa. Honek Navarra Sumaren gezur eta deskreditu kanpaina desmuntatu egiten du”, adierazi du PSNko eledun Ramon Alzorrizek. Halaber, konfrontazioa bilatzea eta herritarrak nahasi nahi izatea egotzi dio koalizio eskuindarrari.

Navarra Sumako Javier Esparzak, berriz, gogora ekarri du Maria Txibite lehendakariak berak parte hartu zuela ikurren lege berria eskatzeko eta Uxue Barkosen gobernuaren ikurrekiko jarrera salatzeko manifestazioan. “Lege berria ekarri dugu, joan den legealdiko gobernu abertzaleak geneukan legea bertan behera utzi zuelako, ikurrina paratu ahal izateko”, azaldu du bozeramaile erregionalistak.

Geroa Baiko Koldo Martinezek “tolerantzia eta demokrazia” eskatu ditu. “Aurreko gobernuak ikurren legea bertan behera utzi zuen tolerantzia eta integrazioa bultzatzeko”, gaineratu du.

Ramirez: “Surrealista izan da”

Maiorga Ramirezi gaurko bozketan gertaturikoa “surrealista” iruditu zaio. PSNk haren gobernuaren aurka jotzea salatu du. Eta PSNren bazkideek “iparra galdu” dutela nabarmenu du: “A ze papertzarra”.

Ahal Duguren izenean, Mikel Builek salatu du Navarra Sumak espainiar eta nafar ona izateko modu bakarra onartzen duela: “fronte kontsituzionalistako kide izatea”. “Ekimen honek ez du zerikusirik ikurren defentsarekin edota herritarren ongizatearekin; aitzitik, helburua PSN zangotrabatzea da”, laburbildu du.

Izquierda Ezkerrako Maria De simonen aburuz, “Navarra Sumak ikur gerrarekin segitu nahi du”, eta ikurren lege berria ez da beharrezkoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!