“Epai hau ez da justua, eta behin eta berriz salatu behar dugu. Euskararen Legearen irakurketa murriztailea egiten du. Eta orain dela 16 urte geunden egoerara eramaten gaitu”. Hala mintzatu da Patxi Zabaleta Euskaltzain eta legegizona Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan, UGTren helegiteari hainbat puntutan arrazoia ematen dion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren euskararen dekretuaren gaineko epaiari buruz. “Epai honek Barcina andreak egiten zuena egiten du: “Pamplona-Iruñea” dioten kartelak kendu eta euskara jakitearen meritua ez baloratzea”, salatu du legegizon leitzarrak.
Nafarroako gobernuak epaiaren aurkako helegiterik aurkeztuko ote duen galdetuta, Zabaletak kezka agertu du: “Beldur izatekoa da; izan ere, hori ez dago PSNren eta Geroa Bairen arteko gobernu akordioan zehaztua, ez dago argi zer gertatuko den”. Haren irudikoz, “epaiak aukera emanen dio PSNri gauzak atzeratzeko”. “Lortu behar dugu, ahalik eta lasterren, marko berri bat”; izan ere, “bizikidetzan arazoa dago”.