“Uste dut gobernuak helegitea aurkeztu behar duela”, azaldu du Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. Nolanahi ere, gaineratu du helegitea aurkeztu ala ez “gobernu osoak” erabakiko duela, gobernu akordio baten bidez egin behar baita.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du euskara meritutzat hartzea ezein posturako eremu misto eta ez euskaldunean. Eta atzera bota du halaber euskararen erabilera derrigorrezkoa izatea errotulazioan, errepide seinaleetan, publizitatean eta beste hainbat alorretan. Olloren aburuz, “euskaldunentzat eta nafar guztientzat egun tristea da, euskara guztion hizkuntza baita”.
Nafarroako Gobernuko departamentuetan euskara planak jartzen ari ziren indarrean. Olloren arabera, “epaiak dio horiekin segi dezakegula, baina ez digu aukerarik ematen horiek aurrera atera ahal izateko langile euskaldunak edukitzeko”.
Epaiaren bigarren gakoa, atzera botatzen duela euskararen presentzia derrigorrezkoa izatea eremu mistoan eta ez euskaldunean. “Ez gaude ados, Nafarroan bi hizkuntza baititugu, eta kalean hori ere erakutsi behar dugu”, adierazi du horri buruz Ollok.