Gaur argituko da nor izanen den Nafarroako Foru Erkidegoari dagokion senatari autonomikoa legealdi honetan. Ezustekorik ezean, pertsona hori Geroa Baiko Koldo Martinez izanen da.
Itxura guztien arabera, Martinezek 22 boto lortuko ditu (PSNrenak, Geroa Bairenak eta Ahal Dugurenak hain zuzen ere). Navarra Sumaren hautagai Arantza Ariasek haren koalizioaren 20ak jasoko ditu. Eta EH Bildu eta Izquierda Ezkerra abstenitu eginen dira.
Modu horretan askatuko da apirilaren 28ko hauteskundeen ondotik soka luzea ekarri duen senatari autonomikoaren auzia. Senatari autonomikoa Izquierda Ezkerrarentzat izanen zela zehazten zuen Aha Duguk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Izquierda Ezkerrak Espainiako Senaturako eraturiko Aldaketa hautagaitza sortzeko akordioak.
Horri eutsi nahi izan zion Izquierda Ezkerrak, Iñaki Bernal hautagaia aurkeztuz. Bestelako iritzia zuen Geroa Baik, uste baitzuen Nafarroako Jauregian beste koalizio gobernu bat eraturik, Aldaketa hautagaitzak zentzua galtzen zuela. Eta bi indarron artean talka dialektiko hainbat izan dira gai honen kontura.
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak azaroaren 10erako deitzeak askatu du korapiloa. Izan ere, Aldaketa hautagaitzaren akordioak berak dio hauteskundeak errepikatuz gero akordioa bertan behera geratzen dela.
Horrek ekarri du Izquierda Ezkerrak Iñaki Bernalen hautagaitza erretiratzea. Bernalek berak azaldu duenez, “hautagaitzarekin segitzeak ez zuen zentzurik”. “Badakigu egungo indar oreka zein den, eta ez dugu eragotziko inoren hautagaitza aurrera ateratzea, baina ez dugu alde bozkatuko”, gaineratu du.