Abiadura Handiko Trena "ahantzi" egin dute alderdiek hauteskunde kanpainan

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 13a, 13:05

Juanma Taller eta Susana Aiestaran tresn sozialaren aldeko plataformen izenean aritu dira.

Tren sozialaren aldeko plataformek ohartarazi dute alderdietako ordezkariek ez dutela euren programa eta mezuetan deus ere esaten Abiadura Handiko Trenaren inguruan. Informazio hori jendearengana iristearen garrantziaz jakinarazi dute eta manifestazio deia egin dute larunbaterako. 

Abiadura Handiko Trenaren gaia oharkabean ari da pasatzen hauteskunde kanpainatik eta hori ikusita zenbait plataforma kexu agertu dira. Alderdiek zer nolako azpiegitura eredua nahi duten argi utzi beharko luketela uste dute, eta are, halako egitasmo baten inguruan ari bagara: ekonomikoki baliabideak behar dituena eta lurraldean eragina izanen lukeena. Tren sozialaren aldeko plataformek dei egin diete aldedietako ordezkariei AHTaren inguruko hausnarketak eta proposamenak euren mezuetan txertatzera. Euren programetan jartzera. 

Abiadura Handiko Trenik gabe egun dagoen trenbide sarea hobetzearen aldeko jarrera hartua dute plataforma hainbatek. Ekonomikoki xahuketarik ekarriko ez lukeena delako, ingurumenean kalte txikiagoa ekarriko lukeelako eta herritarrak zein salgaiak garraia ditzakeelako. Gainera, herriak, hiriak eta industriaguneak lotzeko aukera ere izanen lukeelako. 

Bi mezu utzi dituzte argi gaurkoan: alderdiei galdegin diete euren programetan AHTaren inguruan duten jarrera azaltzeko eta herritarrei, kalera atera eta bestelako eredu baten aldeko aldarrikapena egitea. Horretarako aukera, larunbatean izanen da. Gasteizen batzartuko dira 12:30etan San Anton plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!