CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak udal eta foru hauteskundeen inguruko inkesta egin du. Aldaketaren gobernua osatzen duten alderdiek 26 eserleku izatetik 21-25 izatera igaroko lirateke. PSN bigarren indarra izango litzateke, eta Navarra Sumak 2015ean eskuratutakoa errepikatuko luke. Ezein alderdik ez luke lortuko gehiengo osoa (26).
381 galdeketa egin ditu ikerketa zentroak Nafarroan, 29 udalerritan, martxoaren 21a eta apirilaren 23aren artean.
Inkestaren arabera, Navarra Suma koalizioak (UPN, PP eta Ciudadanos) lortuko lituzke eserleku gehien,16-17 artean. Eskuineko alderdiek egun duten eserleku kopuru berdina mantendu edo eserleku batean murriztuko lukete; egun UPNk 15 ditu, eta PPNk, bi. PSN litzateke bigarren indarra, 11-12 botorekin. Egun sozialistek zazpi eserleku dituzte Nafarroako Parlamentuan; beraz, lau edo bost legebiltzarkide gehituko lituzkete.
Inkestaren arabera, Geroa Baik 7-9 eserleku lortuko lituzte. Egun berderatzi eseleku ditu. EH Bilduk egun dituen zortzi eserlekuak eskuratu edo bat galduko luke, inkestak 7-8 artean aurreikusten ditu eta. Ahal Duguk behera eginen luke, 6 eserleku eskuratuko ditu inkestaren arabera (egun zazpi ditu). Ezkerrak eserleku bat edo bi lortuko luke (egun bi ditu).
Boto kopuruan, PSN garaile
PSN litzateke alderdirik bozkatuena, inkestaren arabera. Galdetegia erantzun dutenen %13,9 bozkatuko luke sozialisten alde. Navarra Sumak %13,1 eskuratuko luke; Geroa Baik,%10,3; EH Bilduk %9,2, Ahal Duguk %6,7, Ezkerrak %2,9 eta PACMAk %0,8.