Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Izquierda-Ezkerrak iluntzean eginen dituzte kanpaina hasierako ekitaldiak. Ofizialki gauerdian hasiko da kanpaina baina ohi bezala aurreratu eginen dira alderdietako buruzagiak eta arratsaldetik hasiko dira maiatzaren 26ko hauteskundeetarako bidea egiten. Hamabost egun izanen dituzte botoa herritarrei eskatzeko.
Ekitaldiz ekitaldi
Navarra Suma koalizioak (UPN, Ciudadanos eta PP) Foruen Monumentuan eginen du gaur arratsaldeko ekitaldia. 19:00etan izanen da hitzordua eta Nafarroako Gobernurako hautagaia izanen da, Javier Esparza. Berarekin batera Iruñeko Udalerako zerrendaburua Enrique Maya ere izanen da ekitaldi horretan eta euren alboan izanen dituzte zerrendako gainerako zenbait kide.
Geroa Baik Karlos III. Etorbidean emanen dio hasiera hauteskunde kanpainari. 19:00etan Uxue Barkos egungo presidente eta koalizioko zerrendaburuak hartuko du hitza. Iruñeko Udalerako zerrendaburuak, Itziar Gomezek ere hartuko du parte eta baita Europako parlamenturako hautagaiak ere, Daniel Innerarityk.
EH Bilduk San Frantzisko plaza aukeratu du kanpaina hasierako toki. 19:00etan Euskal Herria Bilduren zerrendaburuak, Bakartxo Ruizek, ekin eginen dio hauteskunde kanpainari. Iruñeko alkatea, Joseba Asiron, alboan izanen du Ruizek eta hark ere hitz hartuko du ekitaldian.
Podemosek kanpainaren hasiera 20:00etan eginen du. Gazteluko plazan batzartuko dira eta gobernurako zerrendaburua izanen da bertan, Mikel Buil. Alderdi morearen beste hautagaiak ere izanen dira Builekin batera.
PSNk ere 20:00etan eginen du hauteskunde hasierako ekitaldia. Baluarteko Luneta aretoan eginen du eta Maria Chivite zerrendaburuak hartuko du parte, besteak beste.
Azkenik, Izquierda-Ezkerrako kideek ere (Ezker Batua eta Batzarrek osatutako koalizioa) 19:30etan eginen du ekitaldia. Sarasate pasealekuan, parlamentuaren parean izanen da hitzordua. Marisa de Simon hautagaia izanen da eta harekin Tuterako eta beste udaletarako zerrendakideak izanen dira.