Txarrenari onena ateratzen segitzen dute

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 19a, 09:07

Altsasukoak Aske jardunaldiak izan dira Iruñean eta jendetzak hartu du parte. Gazteluko plazan izan zen elkarretaratzean ere herritar askok hartu zuten parte. 

Bi urte espetxean izeneko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, auzia hainbat alderditatik aztertzeko. Jardunaldien amaieran, atzo arratsaldean, elkarretaratzea egin zuten Gazteluko plazan; Altsasuko gazteen aldeko lehenbiziko manifestazio jendetsua amaitu zen toki berean. Ehunka lagun elkartu ziren han, Txarrenari onena atera diozu zioen pankartaren atzean. Elkarretaratzean, Ainara Urkijok, auzipetuen artean espetxean ez dagoen Altsasuko gazte bakarrak, bere lagunek Zaballako espetxetik (Araba) idatzitako gutun bat irakurri zuen. Haren bidez, gazteek esan zuten auzian bi alde egon direla: batetik, Altsasu kriminalizatu nahi izan dutenak; eta, bestetik, arazoari aurre egiteko bat egin duen herria. Bigarren horretan egon diren pertsona eta taldeei eskerrak eman zizkieten, eta adierazi zuten bat eginik helburuak lor daitezkeela. Gainera, esan zuten denak espetxe berean daudenetik hobeto daudela. Urkijoren ostean, Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske taldeetako kideek hitz egin zuten. "Badakigu mobilizazioa, salaketa eta elkartasuna direla injustizia hau amaitzeko motorrak".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!