Barkos: "Pertsonen aldeko aldaketa egin dugu"

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 18a, 13:36

Baros, "egindako lanaz harro", gaurko hitzaldiko une batean (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

> Lehendakariaren arabera, "etengabea izan da pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka", eta hiru urtean gaastu soziala %44 igo dute. > Laukoak elkarrizketaren bidez "akordio programatikoa bera gainditu egin du", desadostasunen aitzinean "arduraz" jokatuz.
> Nafarroaren hobekuntza "ez da hobekuntza ekonomiko orokorraren onodrio soilik", horretaz gain, "kudeaketa bikaina" egin da.

Erkidegoeran egoerari buruzko eztabaidan, Uxue Barkos lehendakaria harro azaldu da azken hiru urteotan egindako lanaz, eta eskerrak eta zorionak eman dizkie laukoa osatzen duten indarrei, egindako lan horregatik: “Elkarrizketaren aldeko ahalegin horrek akordio programatikoa bera gainditu baitu. Berrituz joan da urtez-urte, munta handiko proiektuak aitzinera eramateko, eta akordio horiei aniztasunetik heldu zaie beti, inoiz ez uniformetasunetik. Desadostasunak, are gehiago, tirabirak izanda ere, gauza izan gara horiek gainditzeko eta arduraz heltzeko”.

Bere harrotasuna justifikatzeko tenorean, lehendakariak datu zaparrada eskaini du: Egun 2015ean baino 9.700 langabe gutxiago daude. 1.400 enpresa gehiago. 18.000 lagun gutxiago Osasunbidean lehen bisitarako zain. 500 milioi gehiago Nafarroako Gobernuaren tesorerian.

Barkosen aburuz, horren gibelean ez dago hobekuntza ekonomiko orokorra soilik. Horretaz gain, kudeaketa bikain bat dago. Horrek bihurtu du Nafarroa erkidego “aberatsago, lehiakorrago eta askotarikoago”.

Kudeaketa onaren adibidetzat aipatu du Espainiako Gobernuarekin Hitzarmen Ekonomikoaren gainean lorturiko akordioa. Eta horren bidez Nafarroak urteotan berreskuratu dituen 600 milioiak.

Nolanahi ere, lehendakariak alor sozialean egin du azpimarra behin eta berriz: pertsonentzako aldaketa egin dute, gizarte kohesionatuagoa lortzeko, gastu soziala %40 igoz: “Hiru urte hauetan, jendea babesteko eta eskubideak bermatzeko sistema bizkorra bultzatu dugu. Etengabea izan da pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka, bereziki haurren pobreziaren aurkakoa. Ildo horretatik azpimarratzekoak dira Nafarroako Gizarteratze Plana, errenta bermatua eskuratzeko eskubidea duten familien %42ko gorakada 2015az geroztik, baita %42ko gorakada ere prestazio horeek babesten dituen haurren kopuruan ere”.

Beste datu bat eskaini du foru lehendakariak: Nafarroa per capita errentan hirugarren erkidegoa da estatuan. Baina pobrezia tasarik baxuena du.

Hezkuntzan, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko sindikatuekin loturiko akordio zabala nabarmendu du, baita ikastetxeak eraikitzeko zein zaharberritzeko inbertsioak legealdi hasierakoen halako hiru direla ere.

Osasunbideari doakionez, Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeen kudeaketa publikoaren berreskurapena ekarri du gogora. Baita itxaron zerrenden murrizketa ere.

Memoria historikoan, hitzaldian aipagai ikur frankisten auzia, frankismoaren 81 biktimaren gorpuzkien berreskurapena, eta ETAren amaiera “gizartearen garaipena” izan dela.

Euskaraz hitzaldiko hainbat pasartetan mintzatu da Barkos. Euskarari buruz, ordea, gutxiago hitz egin du: “Nafarroako herritar elebdunek gure gizarteko %13a osatzen dute. Administrazioak harrera beren hizkuntza egitea nahi dute. Eta horiek ere entzun ditugu. Euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren bidez, Administrazioko eskasia hori gainditu nahi da, bertan enplegatu publikoen %1ak baizik ez baitu euskarazko hizkuntza eskakizuna”. Euskaraldia ere aipatu du, horrek hizkuntzaren erabileran sor dezakeen berpizkundea goraipatzeko.

Atzera begira ere jarri da foru lehendakaria, UPNren kudeaketa “negargarria” kritikatzeko. Besteak beste, itzalpeko ordainsariak gogora ekarriz.

Aurten, Bideko Autobidean, 48 milioi. Pirinioetako autobidean, beste 18. Barkosen oharra: azpiegiturok egoera ekonomiko oneko garaietan egin zituzten, testuinguru ekonomiko onean sortu zuten egun ordaintzen ari garen zorra.

Hitzaldia aurrera begira amaitu du lehendakariak: “Ez gara “Arcadia zoriontsu batean bizi”, oraindik “lan handia dago egiteko” krisiak eta aurreko gobernuaren kudeaketak eragin zituen murrizketak konpontzeko, eta horregatik “legealdiko azken minutura arte” lan eginen dute: “Seguru nago gainera are hobeki egonen garela urte baten buruan. Hori diot jakitun izanik oraindik geratzen direla problema aunitz konpontzeko, eta asko egiteko. Behin betikoz gainditu behar ditugu krisiaren ondorio latzenak. Oraindik nafar askok ez duelako enplegu egonkorrik. Oraindik lan egin behar dugulako  gizarte berdinzaleagoa lortzeko. Oraindik ahalegindu behar dugulako bizikidetza hobea lortzen”.

Legealdiko azken hilabeteetarako erronken artean, Etxebizitzaren Legea, Turismoarena, eta Parte Hartze Demokratikoarena eta, bereziki, 2019 Aurrekontu Nagusiena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!