AHTaren obrak geldiarazteari ezetz esan dio Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 5a, 13:22

AHTak izango lukeen eskariari buruzko ikerketa iragarri du Adif-ek.

 

Nafarroako Parlamentuak ez du onartu Abiadura Handiko Trenaren obrak geldiaraztea eskatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Geroa Bai, UPN, PSN eta PPNren ezezko botoa jaso du mozioak; EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, berriz, babestu egin dute. 

Adolfo Araizek mozio bidez eskatu nahi zion Nafarroako Gobernuari, eska ziezaion Espainiako Gobernuari Alesbes eta Faltzes arteko lanak geldiaraztea eta beste esleipenik ez egitea bideragarritasun azterketa bat egin aurretik.

Araizek nabarmendu du, Kontuen Europako Auzitegiak argi uzten duela sistema ez dela eraginkorra. Beste aukera batzuk aztertu behar direla ere adierazten du, izan ere, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan, kilometro batengatik 25 milioi euro xahutzen dira. Hausnarketa behar dela uste du EH Bilduk azpiegitura horrekin segitu aurretik, eta lanak geldiarazteko eskaera egin du beste behin.

Ildo horretatik abiatu dira Ahal Duguren eta Ezkerraren hitzartzeak ere. Biek nabarmendu dute, beharrezkoa ez den azpiegitura erraldoi baten aurrean gaudela eta aurretik egin beharreko lanak egin gabe daudela. Ohartarazi dute, kalteak baino ez dituela eraginen.

UPN, PSN, PP eta Geroa Baik jarrera bera hartu dute. Abiadura Handiko Trena estrategikoa dela adierazi dute; eta, korridore gisara kontuan hartuta onuragarria izanen delakoan daude. Lau alderdi horiek EH Bilduren mozioaren aurka egin dute. Argudiatuta hasteko, Europako Kontuen Auzitegiak ez duela zalantzan jartzen Abiadura Handiko Azpiegitura bera, baizik, gomendio zenbait egiten dituela.

AHTren eskariari buruz, ikerketa

Adifek, Trenen Azpiegituren Administrazioak iragarri du ikekerta bat eginen duela aztertzeko Abiadura Handiko Trenak zer nolako eskaria izanen lukeen jakiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Y grekoa eta mediterraneoa lotzen dituen zatiaren ikerketa lana izango da. Guztira bi urteko epean, 428.000 euro izanen dituzte Typsa eta SyT konpainia espezializatuek lan hori egiteko.

Nafarroari eraginen liokeen azterketa lana da Adifek iragarri berri duena. Izan ere, EAEko Y grekoa eta mediterraneoko zatia Nafarroatik pasako litzateke. Oraingoz, mahai gainean bi aukera daudela jakina da: lehena, Gasteiztik lotura eginen litzatekeena Iruñearekin eta bestea, Ezkiotik igaroko litzatekeena.

Merkatuko ikerketa lana izanen litzateke eta aztertuko lituzke Abiadura Handiko Trenaren eskaera desberdinen aukera guztiak: zer nolako bidaiariak izanen lituzkeen, zer nolako perfila izanen luketeen sozioekonomikoki adibidez, zer nolako mugikortasun beharrak dauden eta bidaiak zer dela eta eginen liratekeen; zenbatero eginen lituzketen bidaiak eta beste. Eskaintza eta eskariaren arteko azterketa lana ere izanen da eta korridore guztiari eginen dio erreferentzia ikerketa lan horrek.

Europako Kontuen Auzitegiak ekainean argitaratu zuen txostenean, hain zuzen ere, hori da faltan botatzen zuena: ikerketa lanik ez egotea Abiadura Handiko Trenaren bideragarritasunaz, errentagarritasunaz eta beharraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!