Alesbes eta Azkoien arteko AHTren lanak, hastear

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 24a, 09:29

Alesbes eta Azkoien arteko zatiko lanak irailean dira hastekoak. 55 milioi euro baino gehiago gastatuko dituzte 5 kilometroko lanetan. 

Abiadura Handiko Trenaren inguruan ere, egunak joan egunak etorri albisteak ezagutzen ari gara. Oraingoan, Alesbes eta Azkoien arteko zatiko lanak irailean direla hastekoak. Adif enpresak zehaztu du azken administrazio tramitea eta hortaz, prest dira lanak hasteko. Sustapen Ministerioak atzo bertan eman zuen horren berri eta nabarmendu zuen Kantauri eta Mediterraneoko zatiaren barruan kokatuko direla lan horiek.

OHL enpresak izanen du lan horiek egiteko ardura. Aurrekontua 55 milioi baino gehiagokoa da eta 32 hilabetean egin beharko ditu, hau da, bi urte eta erdian. Bost kilometro luze ditu Alesbes eta Azkoien arteko Abiadura Handiko Trenaren zatiak. Alesbes eta Azkoien herriak zeharkatzeaz gainera, Marcillatik ere pasako da. Proiektuaren diseinua, errail bikoitza jasanen duen plataforma  eta zabalera estandarra duena da. Marcillan 855 metrotako zubibidea izanen du Abiadura Handiko Trenaren zati horrek. Pergola bat ere beharrezkoa izanen da AP15aren gainetik. Lan horiek irailean dira hastekoak, baina, duela ez asko hasiak dira baita Erriberri eta Alesbes arteko lanak ere. Hiru urtez geldirik izan ondoren, Sustapen Ministerioak berriz ere abian jarri ditu lan horiek.

Elkarretaratzea lanen hasiera salatzeko

Abiadura Handiko Trenak ez zuelako onurarik ekarriko lan egiten ari dira zenbait plataforma. Tren sozialaren alde ari dira talde horiek, egun dagoena hobetzearen defentsan. Hartara, AHTaren lanak abian jartzen ari direla ikusirik, abuztuaren 31n elkarretaratzea eginen dute Espainiak Nafarroan duen ordezkaritzaren egoitzaren parean 19:30ean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!