Fiskalak terrorismo delituari eutsi nahi dio Altsasuko auzian

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 15a, 07:39

Altsasuko gazteei jarri dizkieten zigorrak ez dira nahikoak Fiskaltzarentzat eta helegitea aurkeztu du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan, 2016ko urriaren 15eko liskarrak terrorismo delitutzat jo daitezen.

Epaiketan, fiskalak hamabi eta 62 urte bitarteko zigorrak eskatu zituen auzipetu bakoitzarentzat, "lesio eta mehatxu terroristak" egin zituztelakoan. Epaimahaiak autoritatearen aurkako atentatuak, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egitea leporatu zien, baina terrorismo kalifikazioa baztertuta. Epaileek argudiatu zuten epaiketan ez zela frogatu gazteek "helburu terroristaz" jardun zutenik edo ETArekin loturarik zutenik. 

Fiskalak ez du bat egiten epaiarekin: zortzi auzipetuek "aurrez prestatutako erasoa" egin zuten bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka, eta "helburu argia" zuten: "Erakustea Altsasun pertsona zehatz batzuen pentsamendu bakar eta baztertzaileak agintzen duela". Helegitea aurkezteko idatzian, fiskalak erantsi du pertsona zehatz horiek "bahituta eta beldurtuta" dutela "haien modura pentsatzen ez duten biztanleen parte bat", eta 2016ko urrian gertatutakoa "abisu bat" izan zela "gainerako biztanleentzat".

Iruñekoa ere "terrorismoa"

Jose Peralsek era berean, helegitea jarri du Iruñean iazko martxoan izandako istiluen harira auzipetutako lau gazteen aurkako epaiaren kontra ere. Auzitegi Nazionalak bina urteko zigorrak ezarri zizkien, baina fiskalak eskatu du auzi hura ere terrorismo delitu gisa zigortzeko. Zazpina urteko zigorra eskatu du laurentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!