Fiskaltzak eta Nafarroako Gobernuak egin duten gisan, Iruñeko Udalak ere helegitea jarri dio 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiari, bortxaketa "sexu abusutzat" baino ez baitzuen hartu eta bederatzina urteko zigorra baino ez baitzien ezarri bost gizonezkoei.
Erasoa, ezbairik gabe
Sententziaren hiru alderdirekin ez dago ados Iruñeko Udala. Lehenik eta behin, "erasoa" izan zela eta ez "abusua" deritzo; bigarrenik, mobila kentzea ez zela "ebasketa arina" izan, delituarekin jarraitzea xede baitzuen; eta, hirugarrenik, grabatu izana intimitatearen kontrako erasoa dela.
"Indarkeria fisikoa erabili zuten bai biktima bortxatua izan zen lekuraino eramateko, baita zigortutakoek egindako sexu ekintzetan ere". "Indarkeria erabiltzen da tamaiana handiko bost pertsonen artean erasotutakoa helduz, lepondotik eutsiz eta ilertik tira eginez ". Gaineratzen du, halaber, ez dela beharrezkoa taldeko guztiek biolentzia erabili izana, "nahikoa da subjektu aktibo batek egindako indarkeria besteen beren mesederako erabiltzea".
Intimidazioa egon zen
"Intimidazioa zenbakiarengatik, indarrarengatik eta egoerarengatik" eman zela adierazi du udalak. Erasotutako emakumeari "askatasun guztia" kendu ziotela dio: "Haren askatasun sexuala ez zen mugatua edo baldintzatua izan, baizik eta guztiz ezabatua".
Sakelakoa ere kenduta
Sakelakoa kentzea "ebasketa arina" izan ez zela eta "biktimaren borondatea are gehiago jazartzeko" egin zutela ziurtatu du, era berean. Eta, azkenik, intimitatearen kontrako delituaz absolbituak izan dira bost gizonezkoak eta horren kontra ere egin du udalak, "erasotutakoak ezin izan baitzuen salatu, ez zelako horren kontziente izan".