"Euskaraldia ariketa soziala da, ez da euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat". Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte iraunen du Euskaraldia, eta helburua belarriprest -euskara ulertzeko gai direnak- eta ahobiziak -solasean dakitenak- egun guztietan euskaraz baino ez aritzea da.
Orain, hamaikakoa aurkeztu dute, bat egin duten pertsona ezagunak: hamaika laguneko taldea da, modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak, belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Honako hauek dira: Mikel Arrasate, Karrikaluze elkarteko kidea, Arianne Unamuno, Pil-pilean elkarteko kidea, Zuriñe Gil, Geu elkarteko kidea, Alex Txikon, alpinista, Dani Alvarez, kazetaria, Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea, Toti Martinez de Lezea, idazlea, Eneko Sagardoy, aktorea, La Basu, musikaria, Aretz Igiñiz, errugbilaria eta Cris Lizarraga musikaria.
Ekimenaren enbaxadora
Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa egitea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izanen dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emanen diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.
Izen-emateen epea
Hamaikakoak sortzeko norbanakoen izen-ematea udazkenean zabalduko da. Bitartean, herrien izen-ematea apirilaren 30a arte luzatu da.